'Meteoritoak' erakusketa: harriekiko lilura

Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 06:00

Iraganean balio handia ematen zioten meteoritoen burdinari. ALEA

Urtebete inguruz ikusgai egongo da Arabako Natura Zientzien Museoan 'Meteoritoak' erakusketa. Hona hemen bertan ikusgai diren zenbait pieza, testuinguruan jarrita. 


Gramo batzuk, baina baita tonak ere

Erakusketan ikus daiteke Campo del Cielo meteoritoaren 600 kiloko ale bat. Meteorito askok aurkitu diren tokiaren izena hartzen dute: kasu honetan, Argentinako Chaco probintzian dago Campo del Cielo. Bertan duela 4.900 urte inguru harritzar bat erori zen, eta eztanda izugarri horren arrastoak eremu zabal batean zabaldu ziren. Horietako asko zenbait gramokoak diren arren, beste zati batzuk hainbat tonakoak dira. Casadok duela 35 urte erosi zuen meteorito hau AEBetan, baina gaur egun ezinezkoa izango litzateke Argentinatik halako bat ateratzea, azken urteotan legedia aldatu delako. Beste meteorito askok zientzia balio handiagoa izanda ere, halako aleek arreta asko erakartzen dute. 


Duela hiru milioi urteko talka erraldoia

2010ean aurkitu zuen Casadok Tunisian KG 002 izeneko meteoritoa, "harri arraro" handi batek atentzioa eman ziolako. Ondoren Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan egindako azterketek erakutsi zuten balio handiko arroka zela: isotopoen analisiaren zein beste tekniken bitartez ondorioztatu zuten duela 120 milioi urte sortu zela Marten, baina duela hiru milioi urte talka baten ondorioz espaziora askatu zela. Duela 10.000 mila urte, berriz, Lurrera erori zen. Nazioarteko ikertzaile talde batek parte hartu zuen materialaren azterketan, eta lortutako emaitzen berri eman zuten Meteoritics and Planetary Science aldizkarian. Ikerketa aldizkariaren azalera eraman zuten. 

Meteorito ez direnak

Meteoritoen talkaren ondorioz sortutako tenperatura altuek lurrean dauden materialak eraldatu ditzakete. Modu horretan sortzen dira tektitak. Antzera sortzen dira fulguritak, baina, kasu honetan, tximista baten ondorioz. Gainerakoan, naturan aurki daitezke oharkabean meteoritotzat har daitezkeen materialak. Kasurako, galdaketako zepak barreiatuta egon daitezke mendian, eta goethita bezalako mineralek ere nahasteak sor ditzakete aditu ez direnen artean. Beste kasu batzuetan, ibaietako higadurak burdina asko duten harriak 'landu' ditzake milaka urtez, harri koxkor oso pisutsuak sortuz. Hortaz, ia-ia errazagoa da lortzea meteoritoen antza duten objektuen bilduma bat, meteoritoen bilduma bat baino.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago