Mercedeseko zuzendaritzak seigarren gauari uko egin dio

Erredakzioa 2022ko uzt. 8a, 12:15

Mercedeseko langileen manifestazioa, seigarren greba egunean. / Argazkia: HALA BEDI

Seigarren gaua ezartzeari uko eginez, greban dauden langileen eskakizun nagusietako bat onartu du zuzendaritzak, atzo etendako negoziazioa berrartzeko asmoz. Bitartean, seigarren greba eguna dute gaur Mercedesen, eta beste hiru daude iragarrita datorren asterako.

El Correo egunkariak esklusiban argitaratu duenez, Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak amore eman du seigarren gaua ezartzeko asmoari dagokionez —gaueko txanda igandean hasi eta ostiralera arte luzatzea—, hitzarmen berriaren negoziazioetan "elkarrizketak desblokeatu eta akordio bat lortzea" errazteko asmoz.

KPIaren araberako soldata igoerarekin batera, hori da Mercedeseko sindikatu guztien eta greban daude langileen eskakizun nagusietako bat, baina ez bakarra. Datozen orduetan ikusiko da lanuzteetan eta negoziazioan izango duen eragina.

Zuzendaritzak beste bilera bat deitu du datorren astearterako, uztailaren 12rako, eta orduan berrartuko da bi aldeen arteko negoziazioa. "Enpresak aurrerapauso handia eman du negoziatutako irteera baten bila, eta langileei normaltasuna berreskuratzeko eskatu die, ekoizpenari berriro ekiteko", adierazi du zuzendaritzak, sindikatuei helarazitako komunikatuan.

Seigarren greba eguna

Bitartean, Mercedeseko langileak aurrera doaz seigarren gauaren aurkako eta KPIaren araberako soldata igoeren aldeko greba zikloarekin, 5.000 langile dituen fabrika honetarako hitzarmen berriaren negoziazioen testuinguruan. Ez zuzendaritzak azken orduan egindako eskaintzak, ez enpresa batzordearen zatiketak (UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuek ez dute bat egin azken lanuzte eta mobilizazioekin), ez zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioa eten izanak, ez dute plantillaren gehiengoa kikildu.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako hirugarren greba eguna dute gaur Mercedesen, azken hiru asteetako seigarrena. Eta, berriz ere, aurreko greba egun guztietako titular berbera: ia erabateko jarraipena (sindikatuen arabera, %95), EAEko fabrikarik handienaren ekoizpen-lerroak geldituta, eta milaka langile kalean. Txanda bakoitzeko piketeez gain, Lehendakaritza, Ajuria Enea eta Eusko Legebiltzarretik igaro da gaur goizeko mobilizazio jendetsua.

Gainera, datorren asterako beste hiru greba eguneko aurreabisua aurkeztu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek, asteazken, ostegun eta ostiralerako. Euskal sindikatuen blokeak ohartarazi du astelehen edo asteartean "aurrerapauso nabarmenik" ez badago ez dutela greba bertan behera utziko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago