Mercedesek bertan behera utzi du hitzarmenaren negoziazioa, greba dela eta

Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 10:42

Mercedeseko langileen manifestazioa, atzoko greba egunean. / ALEA

Mercedesen deitutako hiru eguneko grebak langileen babes masiboa lortu eta ekoizpena gelditu du. Enpresaren azken orduko proposamenak enpresa batzordea bitan zatitu du, eta hitzarmenaren negoziazioa bertan behera uztea erabaki du zuzendaritzak, lanuzteak mahai gainean dauden bitartean.

Gaur berriro biltzekoak ziren Mercedeseko zuzendaritza eta langileen batzordea, asteartean egindako azken orduko proposamenaren inguruan negoziatzen jarraitzeko. Hala ere, gaurko bilera bertan behera utzi (ordu erdi eskas iraun du) eta hitzarmenaren negoziazioa bera etetea erabaki du enpresak, mahai gainean lanuzteak dauden bitartean.

Une honetan, enpresa batzordea bitan zatituta dago: alde batetik, ELA, LAB eta ESK sindikatuak daude, enpresa batzordearen %45 izan arren aste honetan hiru eguneko greba deitu dituztenak, plantillaren gehiengo zabalaren babesarekin; bestetik, azken orduan lanuzteetatik aldendu diren UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuak daude, negoziazioa lehenestearen alde.

Zuzendaritzaren gaurko ultimatuma Iñigo Urkullu lehendakariak Mercedes-Benz Vanseko zuzendaritzarekin Stuttgarten atzo izandako bileraren biharamunean iritsi da —bileran ez zuten Gasteizko hitzarmena aipatu ere egin—, eta langileen ordezkarien arteko zatiketa areagotzeko estrategia gisa interpreta liteke, greba zikloarekin amaitu eta enpresa batzordea hitzarmena sinatzera bultzatzeko. Euskal sindikatuen blokeak "jauntxokeriaz" aritzea leporatu dio Emilio Titosi; CCOOk, berriz, zuzendaritzak "oker" jokatu duela salatu du.

Bosgarren greba eguna

Ostegun honetan, azken hiru asteetako bosgarren greba egunera —bigarrena aste honetako hiru eguneko grebaren barruan— deituta daude Gasteizko Mercedeseko 5.000 langileak. Lanuztea enpresa batzordearen gutxiengoak deitu duen arren, plantillaren babesa ia erabatekoa izan da berriz ere: %80 eta %95 arteko jarraipena, ekoizpena etenda eta milaka langile kalean.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek grebari eutsi diote, seigarren gauaren aurkako zein KPIari lotutako soldata igoeren aldeko aldarria gutxieneko eskakizun gisa hartuta. Atzo eta gaurko lanuzteen ostean, bihar ere greba eguna izango dute.

Gaur, txanda bakoitzeko piketeen artean, 10:30ean fabrikatik Eusko Jaurlaritzaraino joan da goizeko manifestazioa, eta 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Ajuria Enearen aurrean. Ostiral goizean, 10:30ean, beste manifestazio bat egingo dute, Lehendakaritzatik Eusko Legebiltzarreraino.

Gainera, datorren asterako beste hiru greba egunen aurreabisua aurkeztu dute hiru sindikatuek: asteazkena, osteguna eta ostirala. Behin betiko erabakia plantillarekin batera hartuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago