Arabako metaleko langileek grebara joko dute berriz ere

Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 14:00

Arabako metalgintzako gehiengo sindikalaren agerraldia, SEAren aurrean. / Argazkia: ELA

Ekainaren 30erako eta irailaren 21, 22 eta 23rako beste lau greba deialdi iragarri ditu Arabako metalgintzaren sektoreko gehiengo sindikalak, udako oporren aurretik SEAri "pauso ausartagoak" exijitzeko.

Maiatzaren 18an, 24an eta 26an Arabako metalgintzaren sektoreko hitzarmen duin baten alde ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako hiru greba egunen ostean, ez da aurrerapausorik izan negoziazioetan. Beraz, bigarren greba-aldi baterako deialdia egitea erabaki du Araban 20.000 langile inguruko sektore honen gehiengo sindikalak.

Deialdi honen helburua negoziazioak "desblokeatzea" eta udako oporren aurretik SEAri "pauso ausartagoak" exijitzea izango da. Horregatik, lau greba egun jarri dituzte mahai gainean: horietako bat ekainaren 30ean, udako oporren aurretik; beste hirurak, irailaren 21ean, 22an eta 23an, oporren ostean eta negoziazioen bilakaeraren arabera mantentzeko edo bertan behera uzteko.

"Hiru greba egun arrakastatsuen ondoren, badirudi SEA konturatu dela bere jarrera mugitu behar duela, aitortu behar duela egiten dituen planteamenduak ez direla nahikoak, eta ez dietela sektorearen beharrei erantzuten, ez datozela bat plantillek sortutako aberastasunarekin", baloratu dute sindikatuek. "Kalera atera eta lantokiak hustuko ditugu berriro, uste baitugu sektoreko mobilizazioen eta greben dinamikarekin jarraitu behar dela Arabako metalgintzarako akordio duin bat lortzeko; hori guztia egiten dugu konprometituta gaudelako negoziazioarekin".

Bederatzi eskakizun

Ekainaren 29an izango da patronalaren eta sindikatuen arteko hurrengo bilera, baina aurretik beste bilera bat egitea proposatu dute gaur langileen ordezkariek. Testuinguru horretan, azken hilabeteetako plataforma sindikalaren eta mobilizazioen ardatz izan diren aldarrikapen nagusiei eutsi diete langileen sindikatuek:

  • 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
  • Lanaldia murriztea.
  • Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
  • Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
  • Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
  • Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
  • Lan osasuna bermatzeko neurriak.
  • Baimenak hobetzea eta "pertsonak zentroan jartzeko" beste lan baldintza batzuk.
  • Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago