Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna

"Zistemaren" aurrean matxinatzera deitu dute LGTBI+ Harrotasunaren Egunean

Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 09:00
2021eko ekainaren 28ko mobilizazioa, Gasteizen. / ALEA

Beste ekitaldi askoren artean, ekainaren 28ko manifestazio nagusia Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da 19:00etan, Zistemaren aurrean matxinatu gaitezen lelopean. Arabako herrietako blokea antolatu dute 18:45ean, Herrietan ere harro! daudela aldarrikatzeko.

Gaur 53 urte bete dira Stonewalleko istiluak gertatu zirenetik, 1969. urtean. Hilabete honetan ere, ekainaren 10ean, 43 urte bete dira 1979an Espainiako Polizia batek Francis trabestia tiroz hil zuenetik, Oreretan; bere hilketak LGTBI+ mugimendua bultzatu zuen Euskal Herrian. Urtero bezala, ekainaren 28an eta egun horren bueltan mobilizazioak eta bestelako ekintzak antolatu ditu Arabako LGTBI+ mugimenduak.

Aurten, zisheterosexismoa eta indarkeria LGTBI+fobikoen aurkako borrokak ezaugarrituko du Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusia. Asteazken honetan, ekainaren 28an, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da Gasteizen E28 koordinadorak deitutako manifestazioa, Zistemaren aurrean matxinatu gaitezen. Zuen indarkerien aurrean gure harrotasuna lelopean. Manifestazioaren ostean, 20:30etik aurrera, jaialdia eta terrazeoa egingo dute Gaztetxean, Traumreise kolektiboaren pintxada elektronikoarekin.

Manifestazioaren aurretik, 18:45ean Urrezko Zeledonen plazan (Correos), Arabako herrietako kedada egingo dute, Herrietan ere harro! lelopean.

 

Beste ekitaldiak

Mobilizazioez gain, bestelako jarduerak ere antolatu dira Gasteizen LGTBI+ Harrotasunaren Egunerako. Adibidez, Aste Transbollomarika antolatu dute Orbain Kultur Elkarteak eta Lumagorri Zisheterosexismoaren aurkako Taldeak, aste osoko egitarauarekin: kamiseten erakusketa, dokumental baten proiekzioa, Queercore mugimenduaren inguruko hitzaldia eta Traumreise kolektiboaren arte elektronikoaren erakusketa izango dira, besteak beste.

Bestalde, Gasteizko Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaien barruan, Rote Zora. Frauen bildet Banden dokumentalaren proiekzioa eta merendola antolatu ditu Hala Bediko Edo ez da izango irratsaioak, 17:00etatik 19:00etara, manifestazioarekin bat egin aurretik.

Gainera, EHGAM Gorbeialdea+ taldeak jaialdia antolatu du Zuian uztailaren 2rako. Larunbatean, 18:00etan, kolektiboaren aurkezpena egingo dute Zuiako Gaztetxean, "Gorbeialdea zein inguruko sexu disidenteen artikulaziorako talde dinamika" batekin. Ondoren, Murgiako kaleak hartuko dituzte, poteo musikatu batekin. Azkenik, 22:00etatik aurrera, Sexu Askapen Festa egingo dute Gaztetxean: besteak beste, pintxada kolektiboa eta jolasak egongo dira.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide