Ekainaren 30 eta uztailaren 6rako greba bateratua adostu dute Mercedesen

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 16:00

Mercedeseko langileen manifestazioa, asteazkenean. / Argazkia: ELA

Mercedeseko enpresa batzordeak bi greba egun bateratu adostu ditu: ostegun honetan, ekainaren 30ean, Arabako Metalaren grebarekin bat; eta hurrengo asteazkenean, uztailaren 6an. Horrez gain, euskal sindikatuek ekainaren 29ko deialdia mantendu dute.

Joan den asteazkeneko greba historikoaren ostean, ELA, LAB eta ESK (enpresa batzordearen %45) sindikatuek ostiralean erabaki zuten bertan behera uztea ekainaren 27ko eta 28ko eta uztailaren 1eko greba egunak —aste osoko greba deituta zuten—; beren aldetik, UGTk eta CCOOk (enpresa batzordearen %35) ostegunean ere greba deitzea onartu zuten.

Astelehen honetan, berriz, Mercedeseko enpresa batzordeak bi greba egun batera deitzea erabaki du: nagusiki, seigarren gaua ez ezartzea eta KPIari lotutako soldata igoerak aldarrikatuko dituzte. Beraz, honela gelditu da datozen egunetako agenda:

  • Ostegun honetan, ekainaren 30ean —dagoeneko adostuta zegoena—, Arabako Metalaren sektoreko grebarekin bat eginez: 05:15etik aurrera piketeetan, 11:30ean Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioan, eta arratsalderako mobilizazio propioa 18:30ean Probintzia plazatik.
  • Hurrengo asteazkenean, uztailaren 6an: 10:30ean martxa bat egingo dute Mercedeseko lantegiaren inguruan, eta 18:00etan manifestazioa Bilbo plazatik. Egun horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria Sttugartera (Alemania) bidaiatuko du, Mercedes-Benz konpainiako CEOarekin biltzeko.
  • Bi deialdi bateratu horiez gain, ELA, LAB eta ESK sindikatuek ekainaren 29ko greba deialdia ere mantentzea erabaki dute.

Greba deialdiarekin batera, ELA, LAB eta ESK sindikatuek 5.000 langile inguruk osatutako plantilla osoarentzako batzar irekia deitu dute asteazkenerako, hilaren 29rako, aurrera begirako lan ildoak zehazteko. Bertan, gainera, uztailaren 1erako, ostiralerako, greba deitzeko aukera eztabaidatuko dute.

Joan den asteko greba Gasteizko lantegi honek azken bi hamarkadatan bizi izandako mobilizaziorik handiena izan zen, eta lanuzteak babes masiboa jaso zuen eta ekoizpena geldiaraztea lortu zuen. Plantillak enpresa batzordeari batasuna bultzatzeko egindako eskaera aztertu, negoziazioari begirako ikuspegien ezberdintasunak albo batera utzi eta batasun sindikalaren apustua egiten saiatu dira bi bloke sindikalak; gutxienez, aipatutako bi deialdiei dagokienez.

Hitzarmen berriaren negoziazioa

Tentsioak eztanda egin du azken asteetan Mercedeseko hitzarmen berriaren negoziazioetan. Izan ere, multinazionalak 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa iragarri du 4.700 langile inguru dituen Gasteizko lantegian, akordiorik lortu ezean inbertsioa bertan behera gelditu litekeela esanez.

Testuinguru horretan, joan den astean, Gasteizko Mercedeseko zuzendari Emilio Titosek akordio bat sinatu zuen EAEko eta Arabako erakundeekin, horien babesa irudikatu eta sindikatuak hitzarmena sinatzera bultzatzeko asmoz. Uztailean, gainera, Iñigo Urkullu lehendakaria Stuttgarten (Alemania) bilduko da Mercedes-Benz konpainiako CEOarekin, inbertsio proiektuari Eusko Jaurlaritzaren babesa helarazteko.

Bere aldetik, pultsua gogortzea erabaki du Gasteizko fabrikako gehiengo sindikalak. Hitzarmenaren negoziazioaren bilakaera, erakundeen aldetik jasandako "presioa" eta zuzendaritzak hitzarmen berrirako planteatzen dituen baldintzak gogor kritikatu dituzte ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek, bai baldintza ekonomikoengatik, bai malgutasunaren aldeko apustuagatik.

"Seigarren gauari ez!"

Horren aurrean, alde sozialaren eskakizun nagusiak honako hauek dira: besteak beste, malgutasuna ez areagotzea gaueko txandari igandeetan seigarren gau bat gehituz, erosteko ahalmena ez galtzea (KPIren araberako soldata igoera), txanda-kontratua hobetzea, langile berriak ez diskriminatzea, eta asteburu zein jaiegunetan lan egiten duten 500 langileen lan baldintzak adostea.

Zuzendaritza eta sindikatuen arteko azken bilera joan den ostiralean egin zen, hilaren 17an, akordiorik gabe eta negoziatzeko data berririk gabe. Izan ere, zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi die ez duela bilera gehiago deituko lanuzteak mahai gainean dauden bitartean. Are gehiago, astearte honetan plazaratutako ohar batean, zuzendaritzak negoziazioari "boikota" egitea leporatu die sindikatuei, "langile guztientzako ulertezinak eta kaltegarriak diren lanuzteekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago