Mercedes

Azken hordagoa botata dago

Juanma Gallego 2022ko eka. 23a, 07:50

Mercedesen oraindik ez dute adostu lan hitzarmena. RUBEN SANCHEZ

Mercedesek "malgutasuna" jarri du baldintza gisa Gasteizko lantegian 1.230 milioi euroko inbertsioa egiteko. Sindikatuentzat hori "xantaia" da, eta greba eta mobilizazioetara jo dute lan hitzarmena hobetzeko.

Ez da uda hasiera lasaia espero Mercedesen. Asteazkenean, sindikatu guztiek deitutako greba eguna izan dute enpresan, eta mobilizazio berriak iragarri dituzte datozen egunotarako. Hasiera batean, aste honetakoa CCOO eta UGT sindikatuek deitutakoa zen greba, baina azkenean ELAk, LABek eta ESK-k ere bat egin dute. Sindikatu hauek, berriz, bost eguneko lanuztea aurreikusita daukate hilaren 27tik uztailaren 1era. CCOOk eta UGTk, aldiz, bigarren greba egun bat iragarri dute hilaren 29rako. 

Ohi bezala, siglen aldeko hika-mikak ez dira falta izan mobilizazioak erabakitzerakoan, eta baita eskakizunak mahai gainean jartzerakoan. Oro har, langileek soldata igoerak eskatzen dituzte, eta zenbait aldaketa kontratazioetan. Eskarietako bat da, baita ere, alde batera uztea enpresak gaueko txandan eskatu duen seigarren lanegun bat.

Lan hitzarmena

Honen guztiaren abiapuntuan dago aspaldiko gatazka: hemezortzi hilabetez luzatzen ari den lan hitzarmenaren negoziazioa. Orain enpresak beste faktore bat jarri du mahai gainean: 1.230 milioi euroko inbertsioa iragarri du, baldin eta lan baldintzak "malgutzen" badira. Sindikatuen arabera, lan baldintzak okertzeko "xantaia" da enpresak iragarritakoa, balizko inbertsio hori baliatzen ari delako lan hitzarmenean enpresaren aldeko abantailak eskuratzeko. 

Urkullu Alemaniara joango da aurki,  "instituzioen konpromisoa" eskaintzera

Gasteizko erraldoi industrialaren kasuan behin baino gehiagotan gertatu izan den moduan, erakunde publikoak ere sartu dira gatazkan. Joan den astean Miñaon egin zuten eszenifikazioa: Emilio Titos Gasteizko Mercedesko zuzendariarekin batera egon ziren Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Arantxa Tapia Industria sailburua eta IÒigo Urkullu lehendakaria bera. "Ibilgailu elektrikoa eta digitalizazioa lehenesteko" kolaborazio protokolo bat sinatu zuten bertan. Espero izatekoa zenez, klima aldaketa ere argudioen artean sartu zen, eta instituzioek iragarri zuten erraldoiaren jarduna errazteko "baliabide publikoak" jarriko dituztela Mercedesen esku, batez ere ikerketaren eta formakuntzaren alorretan. 

Bilera Alemanian

Ez da izan instituzio publikoak gaiaren inguruan iragarritako esku hartze bakarra. Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu du uztailaren 6an Alemaniara bidaiatuko duela, 1.230 milioi euro horiek bermatzeko asmoz. Jaurlaritzak dio bilera horretan lehendakariak "instituzioen konpromisoa" helaraziko diola multinazionaleko zuzendaritzari, "euskal automozioaren sektorearen etorkizunean kolaboratzen jarraitzeko". Jaurlaritzak "estrategikotzat" jo du gaia, eta adierazi du inbertsioa aukera bat dela Mercedesek dituen 5.000 langileentzat zein zeharka enpresa erraldoiaren inguruan dauden beste 30.000 langileentzat ere.

Sindikatuetako ordezkariek hitz gogorrak izan dituzte gaiaren bueltan.  Mikel Lakuntzak ELAko idazkari orokorrak Jaurlaritzari egotzi dio multinazionalaren aurrean amore eman izana, langileak aintzat hartu gabe enpresarekin akordio bat sinatu duelako. Sindikatuaren aburuz, lan baldintzek txarrera egingo dute "diru publikoaren truke". Lakuntzak adierazi du bai Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak enpresei zergak jaitsi nahi dizkietela, industria politika "multinazionalen esku" jartzen duten bitartean. Mercedesen kasuan, ELAk uste du enpresa dela "agintzen duena", eta Arabako Foru Aldundia zein Jaurlaritza "haren zerbitzura" daudela. 

ELA, LAB eta ESK sindikatuek agiri bateratua atera dute. Bertan diotenez, argi dute enpresak "bere makineria guztia" martxan jarri duela  lan baldintzak "erasotzeko", Besteak beste, "zenbait hedabide" eta "klase politikoa" aipatu dituzte estrategiaren barruan. Horri "aurre egiteko" antolakuntza eta mobilizazioak eskatu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago