Trenbide azpiegiturak "lehenbailehen" modernizatzea eskatu dute Madrilen

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 17:30

Arabako hainbat udalerritako alkateak izan dira bilkuran. / ALEA

Araba eta Nafarroako hainbat tokiko erakundetako ordezkariak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Batzordeko ordezkariekin bildu dira Madrilen, trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio azterlana idazteko aurrekontu partida "lehenbailehen" gauzatzea eskatzeko.

Aurtengo apirilean, egungo trenbide azpiegituren modernizazioa eskatu zuten hainbat toki erakundek. Udal eta kontzejuen artean dagoeneko 50 atxikimendu jaso dituen manifestu bat sinatu eta ekimen instituzional bateratua abiatu zuten orduan, besteak beste, Andoin kontzejuko presidente Iratxe Maza, Dulantziko alkate Joseba Koldo Garitagoitia, Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierro, Asparreneko alkate Txelo Auzmendi eta Munain kontzejuko presidente Iñigo Hernandez.

Ekimenaren hamabost ordezkari Madrilera joan dira asteazken honetan, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Batzordeko ordezkariekin biltzeko: tartean, Arabatik, Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea, Iratxe Maza Perez de Albeniz Andoin kontzejuko presidentea, Erika Letamendi Donemiliagako alkatea, Txetxu Martinez Okariz kontzejuko ordezkaria, Iratxe Del Barco Gazeo kontzejuko ordezkaria, Txelo Auzmendi Asparreneko alkatea, Aitziber Martinez de Ilarduya Andoain kontzejuko ordezkaria eta Iñigo Hernandez Munain kontzejuko presidentea.

Espainiako Kongresuaren ordezkaritzari dagokionez, bilkurara bertaratu dira PSOE, Podemos, Ciudadanos eta EH Bilduren ordezkariak.

Izan ere, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan 200.000 euroko partida bat aurreikusten zen Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide azpiegiturak hobetu eta egokitzeko informazio-azterlan bat idazteko, prestazio handiko trenen eta trafiko mistoaren (bidaiariak eta salgaiak) zirkulazioa ahalbidetzeko. Partida hori "lehenbailehen" gauzatzea eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Abiadura handiko proiektuak, zalantzan

Halaber, azken urteetan iragarri diren abiadura handiko proiektuekiko "kezka" agertu dute tokiko erakundeetako ordezkariek. Horren aurrean, egungo trenbide sarea birpentsatzea dute helburu, merkantzien eta bidaiarien garraioari "benetako konponbidea" emateko, helmugako denborak hobetzeko eta lurralde kohesioa zein egituraketa errazteko.

"Uste dugu abiadura handia ez dela gure herrietarako soluzioa. Azpiegitura horiek eragin handia dute gure hiriguneetan eta gure landa eremuan, eta ingurumeneko inpaktu handia dute", azaldu du Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak, ekimen instituzionalaren ordezkari gisa. Auzmendik, gainera, gogora ekarri du gero eta erakunde eta entitate gehiago jarri dituztela proiektu horiek zalantzan; besteak beste, Eurpako Batasunak berak eta Europako Kontuen Auzitegiak.

Herri mugimenduaren alternatiba

Azkenik, Arabako eta Nafarroako ordezkariek gogorarazi dute herri mugimendua alternatiba bat lantzen ari dela, eta dagoeneko trenaren aldeko herri plataforma ugarik eta trenbide arloko Espainiako estatuko zentral sindikal nagusiek Espainiako Gobernuari eskatu ziotela trenaren gaur egungo trazadurak egokitzeko eta hobetzeko.

Ildo horretan Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Batzordeko ordezkariei eskatu diete "alternatibak aztertu eta konponbide eraginkor baten alde lan egiteko, afektatutako korridorearen hiriguneei zerbitzua emango dien zerbitzu eraginkorra bilatze aldera, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago