Egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bultzatuko dute hainbat toki erakundek

Erredakzioa 2022ko api. 7a, 13:09

Toki erakundeetako ordezkarien agerraldia, Altsasun. / Argazkia: TREN EKIMENA

Araba eta Nafarroako 35 toki erakundek egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bultzatzeko ekimen instituzional bat jarri dute martxan. Manifestu batean, abiadura handiko linea berriak eraiki ordez "egungo trenbide sarea birpentsatzeko unea" dela aldarrikatu dute.

Ostegun honetan, Altsasuko Gure Etxea aretoan bildu dira Araba eta Nafarroako trenbide-korridoreko eta abiadura handiko linea berriek eragindako hainbat toki erakundetako ordezkariak; tartean, Arabari dagokionez, Andoin kontzejuko presidente Iratxe Maza, Dulantziko alkate Joseba Koldo Garitagoitia, Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierro, Asparreneko alkate Txelo Auzmendi eta Munain kontzejuko presidente Iñigo Hernandez.

Izan ere, guztira 35 toki erakundek ekimen instituzional bat jarri dute martxan, "egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bultzatzeko eta egungo trenbide sarea birpentsatzeko". Gaur plazaratutako manifestu batean, paradigma aldaketa horrek "salgaien eta bidaiarien garraioari benetako irtenbidea ematea, joan-etorrietako denborak hobetzea eta lurralde-kohesioa eta egituraketa erraztea" ahalbidetuko lukeela defendatu dute.

Azaldu dutenez, martxoaren 10ean egindako topaketa baten emaitza da ekimena. Bertan parte hartu zuten toki erakundeen artean akordioa gauzatu ostean, Miranda eta Iruñea artean proiektatutako abiadura handiko lineek eragindako korridoreko kontzeju zein udal guztietara eramango dute eztabaida.

Abiadura handiko proiektuak, zalantzan

Plazaratutako manifestuan ohartarazi dute "abiadura handiko proiektuak inoiz baino gehiago ari direla zalantzan jartzen erakunde eta instituzio asko". Izan ere, azkena Europako Batasuna izan da, Europa barneko garraio sarearen araudiaren berrikuspenaren barruan proposatu baitu linea horien ordez egungo trenbide azpiegiturak modernizatzea.

Halaber, gogora ekarri dutenez, Europako Kontuen Auzitegiak berak ere ohartarazi zuen proiektatutakoa 2030era arte ez dela amaituko, "gainkostuak eta atzerapenak arau" bihurtu direla, eta "agindutako abiadurak ez direla lortzen ari". Ondorioz, laguntza askoren "xahutze larria sortzen ari dela" eta horrek "haien finantzaketa partekatua arriskuan jartzen duela" uste du auzitegiak.

Gainera, antzeko ikuspegi batetik, tren sozialaren aldeko herri plataformek eta Espainiako Estatuko trenbide arloko zentral sindikal nagusiek akordio bat sinatu zuten 2021eko maiatzean. Orduan, Espainiako Gobernuari eskatu zioten trenbidearen egungo trazadurak egokitu eta hobetzeko, baita egungo trenbide proiektuen plangintza birbideratzeko ere.

"Lurraldearekiko errespetua" eta mugikortasuna

Egoera horren aurrean, ekimena bultzatu eta manifestua sinatu duten toki erakundeek "gizarte mugimenduekin batera lanean jarraitzeko" konpromisoa hartu dute, "gure lurraldearekiko errespetuzko konponbidea eskuratu eta gure bizilagunen mugikortasun beharrak asetuko dituen soluzioa lortu arte".

Zentzu horretan, AHTaren aurka eta trenbideak egokitzearen alde herri plataformek egindako lana balioetsi dute ekimen instituzionalaren bultzatzaileek: "Gizartea tren publiko eta sozial baten alde informatu, sentsibilizatu eta mobilizatzeko helburuarekin, garraiobide iraunkor, herrikoi eta demokratiko gisa, eta gure lurraldeari ondorio larriak ekarriko lizkiokeen AHTaren ezarpenaren alternatiba moduan, honek gizarte, ingurumen eta ekonomia kalte itzulezinak eragingo bailituzke", adierazi dute.

Informazio-azterlana

Horrez gain, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotako 200.000 euroko partida "azkar gauzatzea" eskatu dute. Partida horren helburua Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide azpiegiturak hobetu eta egokitzeko informazio-azterlan bat idaztea da, prestazio handiko trenen eta trafiko mistoaren (bidaiariak eta salgaiak) zirkulazioa ahalbidetzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago