Esleitu dute Iruña Oka eta Gasteiz arteko AHTaren obra, aurten eraikitzen hasteko

Erredakzioa 2022ko eka. 1a, 20:00
Gasteizko tren geltokia. / Argazkia: YRITHINND

Burgos-Gasteiz AHTaren lehen zatia, 3,6 kilometroko plataforma Iruña Oka eta Gasteiz artean, aurten eraikitzen hasiko da. Espainiako Gobernuak, Adif-en bitartez, 27,5 milioi eurotan esleitu ditu obrak.

Espainiako Gobernuak urrats berri bat eman du Burgos eta Gasteiz arteko AHTaren obrak hasteko. Izan ere, joan den ostiralean, Garraio Ministerioak, Adif-en bitartez, proiektuaren lehen zatia eraikitzeko lanak esleitu zituen.

Zabalera estandarreko trenbide bikoitzerako diseinatuta dagoen 3,6 kilometroko plataforma izango da, Arabako hiriburuaren eta Billoda herriaren (Iruña Oka) artean. Obrak 2022an zehar hasiko dira, eta enpresa esleipendunak —Construcciones Sánchez Domínguez Sando— hamabi hilabeteko epea izango du horiek gauzatzeko; hortaz, obrak "urte hau amaitu baino lehen" hasiko direla kontuan hartuta, 2023an zehar amaituta egon beharko lirateke.

Eraikuntzarako aurreikusitako jarduketen artean, honako hauek daude: alde batetik, A-4302 errepidearen gaineko 84 metroko trenbide-biaduktua, Gasteizko Margarita kontzejuan; bestetik, 115 metroko "tximeleta motako" pergola bat, egungo Madril-Hendaia linea konbentzionalaren zeharkako 41 habez osatua. Izan ere, hasierako zatian, linea berriaren trazadura Madril-Hendaia egungo sare konbentzionalaren ekialdetik joango da; ondoren, egungo azpiegituraren mendebaldera pasako da, pergolaren gainetik zeharkatuz. Horrela, Jundizko intermodal berria garatzeko aukera emango duen espazioa sortuko da bi azpiegituren artean.

Gainera, URA-Uraren Euskal Agentziarekin batera, Zadorratik gertu dauden eremuetan —tartean, Jundizen intermodalean— uholdeek izan lezaketen eraginari buruzko azterlan zehatza egin da.

"Kontratazio honek agerian uzten du Espainiako Gobernuak abiadura handiko trenbidearen konexioa bizkortzeko duen konpromisoa", ospatu du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Bien bitartean, AHTa Gasteizen lurperatzeko proiektua kontratazio prozesuan dago, eta Adifek oinarrizko proiektua egiteko aurkeztu diren hamahiru enpresen artean aukeratzea izango da hurrengo urratsa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide