AHTren obrak bizkortzeko eta trenbidea lurperatzeko beste protokolo bat martxan

Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 19:00

Gorka Urtaran alkatea, protokolo instituzionala sinatzen. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Abiadura Handiko Trena Gasteiz eta Bilbora iristea eta trenbidea lurperatzea sustatzeko protokolo instituzionala sinatu dute gaur Espainiako Gobernuak eta euskal erakundeek. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du lan horien kudeaketa.

Ez da lehenengo aldia Espainiako Gobernuak eta EAEko erakundeek antzeko protokolo bat sinatzen dutela: beste sei ministrok egin dute lehenago. Hortaz, benetan gauzatuko ote den edo obrak bizkortzeko balioko ote duen zalantzarekin ere, AHTa Arabako hiriburura iristea eta trenbidearen lurperatutako integrazioa sustatzeko protokolo instituzional berri bat sinatzeko ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzaren egoitzan.

Bertan izan dira Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro Raquel Sanchez eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola. Espainiako eta EAEko erakundeetako lau ordezkariek sinatu dute dokumentua.

Protokolo berri honen arabera, Pedro Asua kaletik Salburua bulebarreraino 3,61 kilometroko trenbidea lurperatuko da, bidaiarientzako zabalera estandarreko bi bide eta merkantzien trafikorako zein distantzia ertainerako hiru hariko bide batekin. Horrez gain, Dato kaleko lurpeko geltoki berri bat eta euskal Y-arekin lotzeko Arkautiko korapiloa ere sartzen dira.

"Asmo onetatik ekintzetara"

"Akordioa baliagarria izango da Eusko Jaurlaritzari esleitzeko trenbidearen ustiapenari eragiten ez dioten proiektuaren zenbait obraren kudeaketa, hala nola Arkautiko lotunearen plataforma eta Gasteizko hiri barruko tartea", azaldu du Gorka Urtaranek. "Protokolo hau sinatzea oso albiste ona da Gasteizerako, funtsezko proiektu honi ekiteko eta bizkortzeko aukera emango baitu. Proiektu estrategiko eta garrantzitsuetan hiri honek irauten duela erakusten du horrek".

"Nik, alkate gisa, nire esku dagoen guztia egingo dut proiektua bide onera eramateko", adierazi du alkateak. "Protokolo hau aurrerapausoa izango da, baina uste dut asmo onetatik ekintzetara igaro behar dugula. Hau behin betikoa dela baieztatzen duten ekintzak. Eta oinarrizko proiektua ahalik eta lasterren lizitatzea eta hurrengo urratsak dituen kronograma argi bat ezartzea dira ekintzak".

"Izapideak bizkortzea"

Ildo beretik mintzatu da Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez: "Gurea bezalako lurralde batean, logistikak berebiziko garrantzia du, eta beharrezkoa da abiadura handia lehenbailehen iristea. Horrela baino ez dugu gauzatuko Araba Europako hegoaldeko lehen mailako nodo logistiko bihurtzeko apustua. Funtsezkoa da aurrera egiten jarraitzea eta abiadura handia lehenbailehen iristeko beharrezko izapideak bizkortzea. Arabak behar du".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago