Burgos-Gasteiz AHTren ingurumen ebaluazioa onartu du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 20:00
AHTren sarrera lurperatzearen inguruko polemikaren erdian iritsi da onespena. / ALEA

AHTren lurperatzearen inguruko Gasteizko polemikaren erdian, eta egungo trenbideak egokitzeko proposamenak aintzat hartu gabe, Espainiako Gobernuak ontzat eman du AHTren Burgos-Gasteiz linearen ingurumen ebaluazioa.

Burgos eta Gasteiz arteko Abiadura Handiko Trenaren linearako informazio-azterlanak aurrera egiten jarraitzen du. Aste honetan, tramite erabakigarria gainditu du: Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak ingurumen ebaluazioa ontzat eman du, proposatutako bi ibilbide posibleekin. "Euskal Herriko abiadura handian aurrera egiten jarraitzen dugu", iragarri zuen Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak asteazkenean, eta, aurreratu zuenez, Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) laster argitaratuko du ebazpena.

Iñaki Arriola Garraio sailburuak asteotan azaldu zuenez, informazio-azterlana laster onartzen bada, "lanak 2026aren amaieran edo 2027aren hasieran" amaituta egon litezke.

Linea horrek 2.000 milioi euroko aurrekontua du, eta Gasteiz Madrilekin lotuko luke, Burgos eta Jundiz artean 90,8 kilometroko ibilbidea eginez, Gasteizerako sarrera gisa. Ibilbidearen iraupena 30 minutukoa izango litzateke Gasteiz eta Burgos artean, eta ordubete eta 35 minutukoa Madril eta Burgos artean.

Añanako herrien arbuioa

Proiektu honek kritika gogorrak eragin ditu azken urteotan, bereziki Añanako Kuadrillako hainbat udalerritan, zuzenean kaltetutako eskualdea baita. Inguruan dauden azpiegitura handiei AHTren linea bat gehitzeak hainbat herri isolatu eta ingurunea kaltetu lezakeela salatu dute. Horren aurrean, besteak beste egungo trenbide korridorean hirugarren erreia ezartzea edo N-1 errepidearen trazadura zaharra erabiltzea proposatu dute, AHTren eragina murrizteko.

Gainera, maiatzean, AHTren aurkako plataformek eta trenbide-sektoreko sindikatu nagusiek asmo handiko plan bat aurkeztu zuten, Arabako AHT lineen proiektuak ordezteko. Egungo trenbideak egokitzean oinarritutako garraio politika eskatu dute, eta proposamena aplikatuko balitz, AHTren Burgos-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea lineak ez lirateke beharrezkoak izango.

Lurperatzea

AHTaren obrei lotutako aurrerapen hori Gasteizen AHTa lurpeko sarreraren inguruko polemikaren erdian iritsi da. Izan ere, euskal erakundeek gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuak egunotan zabalik utzitako aukera, lurperatzea ez diren behin-behineko irtenbide alternatiboak bilatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide