Jon Buesak Bakoren burua zuela onartu eta Bibat Museora itzuli egin du

Erredakzioa 2022ko eka. 1a, 19:00
Arkaian 1976an aurkitutako eta ondoren desagertutako Bakoren burua. / ALEA

46 urte geroago eta hainbat hilabeteko polemikaren ostean, Jon Buesa EAJko goi-kargudun ohiak Arkaiako Bakoren burua bere eskuetan zegoela aitortu du epailearen aurrean. Eskultura itzuli egin du, eta Bibat Museoan dago dagoeneko.

Azkenik, agertu da 1976an Arkaiako aztarnategian aurkitutako eta handik gutxira desagertutako Bakoren burua, eta Bibat Museoan dago jada. 46 urte igaro dira desagertu zenetik, eta polemika aurtengo urtarrilean piztu zen, El Correo egunkariak argitara ateratako informazioaren ondorioz Arabako arkeologoek balio arkeologiko handiko pieza hori berreskuratzea eskatu zutenean. Ondoren, otsailean, Aldundiak epaitegietara jo zuen eskultura berreskuratzeko asmoz.

Ustezko azken jabea zenak, EAJko goi-kargudun ohi Jon Buesak, erreplika bat zuela eta jatorrizkoa non zegoen ez zekiela ziurtatu du orain arte. Hala ere, gezurrak ez du asko iraun epailearen aurrean. El Correok gaur argitaratu duenez, astearte honetan, Gasteizko Instrukzioko 3. epaitegian onartu egin du Bako jainko erromatarraren marmolezko eskultura bere eskuetan zegoela, eta, lau hamarkada baino gehiagoren ostean, itzuli egin du.

Deklarazioa hartu eta Aldundiari zein Ertzaintzari jakinarazi ostean, epaileak Bakoren burua itzultzea agindu zion Buesari. Ordu batzuk geroago, Ertzaintzaren patruila batek eta foru teknikariek Bibat Museora eraman zuten eskultura. Oraindik aztertu beharko dute benetakoa dela egiaztatzeko, eta, hala bada, jendaurrean jartzeko aukera izango du Arkeologia Museoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide