Aldundiak epaitegietara jo du desagertutako Bakoren eskultura berreskuratzeko

Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 11:30
Arkaiako aztarnategia eta Bakoren buruaren erreplika. / ALEA

Arkaiako Bakoren burua berreskuratu eta Bibat museora eramateko ahaleginean, Arabako Aldundiak epaitegietara eraman du eskultura erromatarraren desagerpena.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, Arabako Foru Aldundia bide judizialetik saiatzen ari da Bakoren buruaren jatorrizko eskultura berreskuratzen. Desagertutako pieza hori 1976an agertu zen Arkaian,Suestatium hiri zaharreko erromatar termen aztarnategian, hondakin-uren saneamendurako lan batzuen testuinguruan.

Orduz geroztik, ia bost hamarkada egon da partikular baten eskuetan; ustezko azken jabea Jon Buesa EAJko goi-kargudun ohia da. Obretako foru ingeniari ohiak erreplika bat duela eta jatorrizko pieza non dagoen ez dakiela ziurtatu du. Hala ere, Kultura Saileko iturrien arabera, "oraingoz ez du aztertzen utzi".

Delitua preskribatuta egon daitekeen arren, Aldundiak Gasteizko Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegian salatu du kasua, pieza arkeologikoa "leku ezezagunean" dagoela seinalatuz. Fiskaltza ikertzen hasi da, eta epaileak sumarioaren sekretua ezarri du.

Ondarearen babesa

Kasua argitara atera zenean, Arkeologiarako Arabar Institutuak (AAI) eta Arkeologiako Profesionalen Estatuko Plataformak gutun bana helarazi zieten inplikatutako erakundeei —Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari—, pieza berreskuratzea eta Interes Kulturaleko Ondasun izendatzea eskatuz.

Halaber, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan zuen Bakoren burua "publikoa" izan beharko litzatekeela, eta Aldundiaren esku egon beharko zela: "Ahal dugun guztia egingo dugu pieza berreskuratzeko", aurreratu zuen.

Bako ardoaren jainko erromatarraren buruaren eskultura II. mendekoa da, marmolezkoa, eta 12 zentimetroko altuera eta 8 zentimetroko zabalera du. Arkaian agertu ondoren, argazki bat atera zioten, eta Arkeologia Museoan erakusteko igeltsuzko erreplika bat egin zuten; bertan egon zen erreplika, 2009an Bibateko instalazioak berrantolatu zituzten arte, soilik jatorrizko piezak erakusteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide