Arkaian 1976an aurkitutako Bakoren burua berreskuratzea eskatu dute arkeologoek

Erredakzioa 2022ko urt. 24a, 11:30
Bakoren buruaren erreplika, Bibat museoan. / Argazkia: plataformadearqueologia.es

Arabako arkeologoek gutun bana helarazi diete inplikatutako erakundeei, Arkaiako Bakoren burua berreskuratzea eta Interes Kulturaleko Ondasun izendatzea eskatuz. Ustezko azken jabeak, EAJko goi-kargudun ohi batek, erreplika bat duela eta jatorrizkoa non dagoen ez dakiela esan du.

Igande honetan El Correo egunkariak argitaratutako artikulu baten harira, arkeologoen zenbait kolektibok, horien artean Arkeologiarako Arabar Institutuak (AAI), duela lau hamarkada baino gehiago Arkaian agertutako Bacoren burua Kultura Intereseko Ondasun izendatzea eta jabari publikora itzultzea eskatu dute, inplikatutako hiru erakundeei —Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta Arabako Foru Aldundiari— gutun bana bidalita.

Pieza arkeologiko hori 1976an agertu zen Arkaian, hondakin-uren saneamendurako lan batzuen testuinguruan, Suestatium hiri zaharreko erromatar termen aztarnak aurkitu zituztenean. Agertu ziren elementu gehienak Bibat Arabako Arkeologia Museoan daude, publikoaren eskura eta ikertzaileek azter ditzaten.

Agertutako pieza horien artean, baina, balio handiko bat galdu da urteen poderioz, eta ez dago foru gordailuan: Bako ardoaren jainko erromatarraren burua, II. mendekoa, marmolezkoa, 12 zentimetroko altuera eta 8 zentimetroko zabalera dituena. Arkaian agertu ondoren, argazki bat atera zioten, eta Arkeologia Museoan erakusteko igeltsuzko erreplika bat egin zuten; bertan egon zen erreplika, 2009an Bibateko instalazioak berrantolatu zituzten arte, soilik jatorrizko piezak erakusteko.

Gaur egun, ordea, ustezko bi kopia lokalizatuta daude, baina jatorrizkoa desagertuta dago. Gutxienez pieza horietako bat —jatorrizkoa ala erreplika den argi ez dagoen arren— Jon Buesa Blanco EAJko goi-kargudunaren eskuetan amaitu zen; aurkikuntzaren garaian, Aldundiaren obra publikoen ingeniari kargua betetzen zuen. Orain, dagoeneko jubilatuta, jatorrizkoa non dagoen ez dakiela eta berak daukana erreplika bat dela ziurtatu du.

Nolanahi ere, 1993an EHUk argitaratutako Veleia aldizkariak "partikular baten eskuetan" zegoela jaso zuen. Halaber, Arabako Aldundiak editatutako Las termas romanas de Arcaya / Suestatium liburuak ere egoera bera jaso zuen 2014an. Duela bi hilabete, Aldundiko sail juridikoak baieztatu zuen gaia "preskribatuta" dagoela; izan ere, Euskal Kultura Ondarearen Legearen (1990) aurretik egindako aurkikuntza da, eta lege horrek ez du atzeraeraginik.

Interes Kulturaleko Ondasuna

Lau hamarkadako ibilbide korapilatsu horren ostean, Bakoren buruaren jatorrizko pieza berreskuratzeko hainbat aukera daude: ondasuna babesteko eta kontserbatzeko araubidea zehazten duen espedientea irekitzea. 1985. urtea baino lehen, pieza Udalari entregatzera behartzen zuen Kode Zibilak; beraz, aurkikuntza urte hori baino lehenagokoa bada, Gasteizko Udalak lehentasunez erosteko eskubidea izan behar zuen.

Horrela, Arkeologiarako Arabar Institutuak (AAI) eta Arkeologiako Profesionalen Estatuko Plataformak Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari eskatu diete El Correok argitaratutako informazioa baieztatzeko, eta, Espainiako Estatuko zein EAEko araudietan jasota dauden aukerak erabiliz (Ondare Historikoaren 1985eko Legea eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea), Arkaiako Bakoren burua berreskuratu, babestu eta Interes Kulturaleko Ondasun izendatu dezaten.

Hiru gutun

Hemeroteka: 1985eko martxoaren 18ko albistea, El Correo egunkarian. / Iturria: AAI

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide