Arabako metalean martxan jarritako mobilizazio dinamikaren barruan, txanda bakoitzeko bi orduko lanuztea egin dute gaur sektoreko langileek, CCOO, LAB, ESK, USO eta CGT sindikatuek deituta: 04:00etatik 06:00etara, 12:00etatik 14:00etara, eta 14:00etatik 16:00etara.
Horrekin batera, 13:00etan elkarretaratzeak egin dituzte sektoreko enpresa guztietan, baita Dunako biribilgunean (Betoño), Eraikuntza Eskolan (Oto hiribidea, 33) eta Esmaltazioen Biribilgunean (Olarizu) ere.
Sindikatuek eguerdian plazaratutako datuen arabera, goizean lanuzteak jarraipen zabala lortu du Arabako lan zentroetan: %80 Condesako tailerrean, %95 SDA Factoryn, %50 SNA Europen, eta "jendetsua" Industrias Dimo, Castmetal Vitoria, OSG Comaher, Inoxidables de Euskadi, Ferrovial Servicios Mercedes, TaBe eta Inmepre bezalako enpresetan.
"Unea da plantillak aktibatzeko, gelditzeko, kalera irteteko, lanuzte edo greba moduan, eta horregatik azken unera arte deialdi bateratua egiten saiatu gara", azaldu dute sindikatu deitzaileek; izan ere, ELA sindikatua gaurko deialditik kanpo gelditzea erabaki zuen.
"Ezinezkoa izan bada ere, gaur egun sindikatu guztietako ehunka langile ari dira parte hartzen lanuzte horretan, eta jarraipen handia izaten ari da", azpimarratu dute. "SDA Factory, Condesa eta beste enpresa batzuetako ekoizpena geldiarazi egin da, eta beste enpresa askotan ere baldintzatuta gelditu da, besteak beste, Mercedesen eta Michelinen".
Grebak maiatzean
Maiatzaren 18an, 24an eta 26an hiru greba egun egitera deituta daude 25.000 langile inguru, hitzarmen sektorial duin baten alde. Izan ere, azken asteetan sektoreko sindikatuek ohartarazi dutenez, negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute.
Sindikatuen eta patronalaren arteko hurrengo bilera datorren asteartean, apirilaren 12an, izango da. Horren atarian, SEAri jarrera aldatzeko eskatu diote langileen ordezkariek: "Beste aukera bat du aurrera egiteko, Arabako metalaren borrokak aurrera jarraitzen duelako eta areagotuko delako, maiatzeko grebekin", ohartarazi dute.
Bederatzi eskakizun
Abenduaren amaieran, "sektoreko prekarietatearekin amaitzeko" errebindikazio taula bat aurkeztu zuten ELA, CCOO eta LAB sindikatuek —sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala—, "sektorean sortutako aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko" helburuarekin.
Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu zuten, bederatzi eskakizun zehatzekin:
- KPIz gaindiko soldata igoerak: gutxieneko soldata 1.400 euro
- Lanaldiaren taxuzko murrizketa
- Azpikontratetako langileen subrogazioa
- Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
- Benetako berdintasuna lortzeko neurriak
- Lan osasuna bermatzeko neurriak
- Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, aldebakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman