Arabako metalaren negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute, eta SEAk "proposamenik egin gabe" jarraitzen duela salatuz, grebara jotzea erabaki dute sektorearen gehiengo zabala ordezkatzen duten ELA, CCOO, LAB, USO, CGT eta ESK sindikatuek, azken hilabeteetan behin baino gehiagotan aukera hori mahai gainean jarri ostean.
Apirilaren 8rako ELA sindikatuaren babesik gabe deitutako lanuzteez gain —txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak eta 13:00etan mobilizazioak—, sindikatu guztiek hiru greba deialdi adostu dituzte maiatzerako, "patronala mugi dadin eta sektorearen arazoei erantzungo dieten edukiak lortzeko" helburuarekin: hilaren 18an, 24an eta 26an, Arabako 25.000 langile baino gehiago grebara deituta egongo dira.
"Arabako metalaren negoziazioak lau urte daramatza inolako aurrerapenik gabe", salatu dute sindikatuek. "Covid-19aren krisiarekin negoziazioak gelditu ziren, baina ondoren patronalak beti aurkitu ditu aitzakiak aurrera ez egiteko. Ozen eta argi diogu: denbora honetan guztian SEAk bere horretan jarraitzen du".
Bederatzi eskakizun
Abenduaren amaieran, "sektoreko prekarietatearekin amaitzeko" errebindikazio taula bat aurkeztu zuten ELA, CCOO eta LAB sindikatuek —sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala—, "sektorean sortutako aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko" helburuarekin.
Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu zuten, bederatzi eskakizun zehatzekin:
- KPIz gaindiko soldata igoerak: gutxieneko soldata 1.400 euro
- Lanaldiaren taxuzko murrizketa
- Azpikontratetako langileen subrogazioa
- Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
- Benetako berdintasuna lortzeko neurriak
- Lan osasuna bermatzeko neurriak
- Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, aldebakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman
Ondoren, USO, ESK eta CGT sindikatuak batu ziren hiru sindikatu nagusien ekimenera. Plataforma sortu zenetik, hiru hilabete baino gehiago igaro dira, eta lau bilera egin dituzte sindikatuek eta patronalak.