Urrats bat aurrera Arabako metalaren sektorearen borrokan

Erredakzioa 2021ko abe. 21a, 12:17

ELA, CCOO eta LAB sindikatuen protesta SEAren egoitzaren aurrean. / Argazkia: LAB

ELA, CCOO eta LAB sindikatuek plataforma bateratua sortu dute Arabako metalaren sektorean hitzarmen duina lortzeko helburuarekin. Bederatzi eskakizun zehatz adostu ostean, SEA patronalari helarazi dizkiote gaur, negoziatzera bultzatzeko.

Metalaren sektorean 25.000 langile baino gehiago daude Araban, eta ELA, CCOO eta LAB sindikatuek "benetako blokeoa" bizitzen ari dela salatu dute: "Hiru urte luzez sektoreko hitzarmena negoziatzen ari gara, baina patronalak prozesua geldiarazi egin du. Bilerak joan, bilerak etorri, patronala ez da mugitzen; aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi".

Blokeo horrekin batera, sektoreko arazoak pilatzen ari direla ohartarazi dute: "Bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko beste ez diren soldatak, lanaldi oso luzeak eta malgutasun handia, iruzurra kontratuetan, behin-behineko enplegu gehiegi, prekaritatea —are handiagoa azpikontratetan eta ABLEEen bidez ari diren pertsonengan—, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatuan, lan istripu mordoa —urtean ia 2.000 gertatzen dira—, egungo egoerari egokitu gabeko baimenak...".

Bederatzi eskakizun

Egoera horren aurrean, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek —sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala— "urrats bat aurrera" egitea erabaki dute, eta, "kultura sindikal ezberdinetakoak izanik ere", ados jarri dira "Arabako metalgileei alternatiba bat eskaintzeko".

Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta urtarriletik aurrera mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu dute, bederatzi eskari zehatzekin:

  • KPIz gaindiko soldata igoerak: gutxieneko soldata 1.400 euro
  • Lanaldiaren taxuzko murrizketa
  • Azpikontratetako langileen subrogazioa
  • Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak
  • Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
  • Benetako berdintasuna lortzeko neurriak
  • Lan osasuna bermatzeko neurriak
  • Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko
  • Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, aldebakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman

Blokeoa amaitu ezean, grebak

Hiru sindikatuen plataforma bateratua gaur, abenduaren 21ean, aurkeztu diote SEAri, patronalaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzearekin batera. Urtarrilaren 10eko astean negoziazio mahaia biltzeko dei egin diote, "erantzun bat eman dezan".

Gainera, "lan baldintza duinen aldeko" mobilizazio dinamika horretan parte hartzera dei egin diete langileei eta beste sindikatuei, baita beste sektore eta eragile sozialei ere.

Azkenik, "egungo blokeoa amaitu ez eta sektoreko langileen arazoei erantzunik ematen ez bazaie", Arabako metalean lanuzte eta grebak hasiko direla ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago