Negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute Arabako metalaren sektorean, eta greba zantzuak gero eta argiago daude. Norabide horretan, CCOO, LAB, ESK, USO eta CGT sindikatuek txanda bakoitzeko bi orduko lanuztea adostu dute sektore osoan, apirilaren 8rako. Horrekin batera, 13:00etan elkarretaratzeak deitu dituzte sektoreko enpresa guztietan, baita Dunako biribilgunean (Betoño), Eraikuntza Eskolan (Oto hiribidea, 33) eta Esmaltazioen Biribilgunean (Olarizu) ere.
Sindikatuek "oso positibotzat" jo dute lortutako akordioa, ostiralean egindako negoziazio mahaiaren azken bileran patronalak erakutsitako "zehaztasunik eza" dela eta. Ildo horretan, CCOO sindikatuak beharrezkotzat jo du negoziazioa "kalean eta lantokietan presioa eta mobilizazioa egiteko konpromisoarekin" bultzatzea.
Egun osoko grebak, bidean
ELA sindikatuak ez du apirilaren 8ko lanuztearekin bat egin, baina maiatzerako "egun osoko greba egunak" lantzen ari dela iragarri du, "SEAk negoziazioan bere horretan jarraitzen duelako" eta "sektorean benetako aldaketak lortzeko, mobilizazio serio eta irmoak" beharko direla uste duelako.
Mobilizazio horien berri emateko, ELA, CCOO eta LABek prentsaurrekoa eskainiko dute datorren astelehenean, apirilaren 4an, 11:00etan ELAren Gasteizko egoitzan, hiru sindikatu nagusien dinamikara gehitu diren USO, ESK, CGT sindikatuekin batera. Gaur egun, Arabako Metalaren gehiengoa osatzen dute sindikatu horiek, ELAk sei ordekari, UGTk hiru, eta LAB eta CCOO sindiaktuek bina dituztelako.
Bederatzi eskakizun
Abenduaren amaieran, "sektoreko prekarietatearekin amaitzeko" errebindikazio taula bat aurkeztu zuten ELA, CCOO eta LAB sindikatuek —sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala—, "sektorean sortutako aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko" helburuarekin.
Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu zuten, bederatzi eskakizun zehatzekin:
- KPIz gaindiko soldata igoerak: gutxieneko soldata 1.400 euro
- Lanaldiaren taxuzko murrizketa
- Azpikontratetako langileen subrogazioa
- Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
- Benetako berdintasuna lortzeko neurriak
- Lan osasuna bermatzeko neurriak
- Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, aldebakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman