Aste honetan estreinatu da Akelarre filma. Pablo Agueroren azken lana Euskal Herrian filmatu dute, eta Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko sail ofizialean lehiatu da. Irati Saez de Urabain (Agurain, 1998) pelikula berriaren talde artistiko gaztean ere estreinatu da, sorgin-ehizaren biktimetako bat den Olaiaren paperean.
Nola suertatu da pelikulan parte hartzeko aukera?
Kasualitatea izan da. Topatu nuen facebooken iragarki bat, Akelarre pelikulan aktoreak bilatzen ari zirela, eta argazki bat eta datuak bidaltzea eskatzen zuten; eta bidali nituen, probatzeko.
Aurretik esperientzia zenuen aktore lanetan?
Ez, interpretazioan ez dut esperientziarik. Egin izan dut antzerkia urte batzuk, baina oso gauza txikiak.
Casting-era deitu zizuten ondoren?
Bai, castingera joan nintzen Gasteiza eta Donostiara, hiruzpalau egin nituen; eta jada kontuarekin ahaztuta nengoela deitu zidaten pelikulan nengoela esateko. Sorpresa handia izan zen, eta erantzukizuna ere. Azken finean, nire burua hor ikusten nuen, baina ez nekien ezer mundu horri buruz, ez nekien gai izango nintzen. Gainera, esan zuten 800 emakume inguruk parte hartu zutela proba horietan… eta ni aukeratu ninduten! Ez nekien maila nahikoa izango nuen.
Filmazioa hasi aurretik zer prestaketa egin behar izan duzu?
Aktore sekundarioak bost emakume gara, eta gure prestaketa berezia izan da, koreografia eta abesti batzuk prestatu behar izan ditugulako, eta, horrenbestez, hiru edo lau hilabete lehenago hasi gara lanean, kantu eta koreografia klaseekin.
Ondo moldatu zara filmazioan; zailtasun berezirik izan duzu?
Gure artean oso gustura egon gara, eta oso giro polita egon da taldean. Ni lehen momentutik oso ondo sentitu naiz haiekin; azkena izan naiz hasten, eta oso ondo hartu naute. Egia da, batzuetan, filmazioan galduta sentitu naizela, hainbat kontu tekniko direla edo plangintza aldetik ez nituelako ezagutzen, baina egia esan ekipoak eta lantaldeak oso erraz jarri digute dena.
Zer paper egin duzu pelikulan?
Olaia du izena pertsonaiak. Sorginkeria leporatzen dioten neska gazte horietako bat da. Taldean pertsonaiak oso markatuak daude, eta Olaia, adibidez, oso pertsona alaia da, kanpora begira beti, txisteak egiten dituena, oso baikorra, momentu txarretan besteak animatzen saiatzen da. Baikorra da, batzuetan gehiegi, eta eskuetatik ihes egiten dio.
Zein izan da zuretzat filmazioaren zatirik zailena?
Orokorrean pertsonaiaren garapena pentsatzea eta pertsonaia eraikitzea. Zuzendariak irizpide eta ezaugarri batzuk ematen dizkizu, baina pelikulan erakusten den pertsonaiaren atzetik badago lan bat; izaera guztia eraikitzea izan da zaila. Dena den, bilatzen zutena emakume talde bat zen, eta pelikula ikusten duen edozein identifikatzea talde horrekin edo pertsonaia horrekin, eta Pablok nahi zuena zen gutako bakoitzetik ere ekarpena egitea, gure izaera adieraztea.
Eta filmazioaren zatirik politena?
Oso gustura egon naiz, eta atsedenetan ere topera egon gara, oso ondo; ez naiz galduta sentitu, beti egon garelako elkarrekin. Gainera, leku ikaragarriak ezagutu ditut: Sakoneta eta Laga, adibidez.
Pozik zaude pelikula izaten ari den harrerarekin?
Zinemaldian egon garen bitartean pelikularen kritikak etengabe ikusten ibili gara sare sozialetan, kar, kar. Denetarik dago. Oso onak batzuk eta beste batzuk ez hain onak. Baina niri, orain, gehien interesatzen zaidana da nola ikusi gaituzten aktoreak eta publikoaren erantzuna.
Urduri zaude zure inguruak nola hartuko duen?
Zinemaldian ahaztu naiz horretaz, baina orain berriro piztu zait urduritasuna. Beldur pixka diot jendeak nola ikusiko nauen eta denbora guztian ni ikustea, Irati, eta ez pertsonaia. Agurainen, gainera, hilabete amaieran estreinatuko da eta erantzukizun handia da. Jendearen aldetik harrera oso ona izan da, gurasoak egunero zoriontzen dituzte, eta asko pozten nau.