ELAk dio mobilizazioa eta greba direla Arabako metalaren egoera desblokeatzeko "modu bakarra"

Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 08:30

Arabako metalaren sektoreko sindikatuen protesta, SEAren aurrean. / Argazkia: ELA

Arabako metalaren hitzarmena negoziatzeko mahaian, SEAk bere proposamena aurkeztu zien atzo sindikatuei. ELA sindikatuaren ustez, patronalaren proposamenak ez die sektorearen beharrei erantzuten.

Aurrerapauso argirik gabe jarraitzen dute 25.000 langile ingururi eragiten dioten Arabako metalaren negoziazioek. Otsailaren 19an hitzarmen duin baten alde ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako manifestazioaren atarian, negoziazio mahaia bildu da astelehen honetan.

Joan den abenduan, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek aldarrikapen taula bateratua aurkeztu zioten SEAri, eta negoziazioa bultzatzeko mobilizazioari ere ekin zioten. Lehen bilera urtarrilean egin zuten, eta patronalak hilabeteko epea eskatu zuen erantzuteko.

Erantzuna astelehen honetan iritsi da, otsailaren 14an: "Pobrea eta sektoreko beharrei erantzuten ez dien erantzuna izan da. Ez daude ez KPI igoerak, ez lanaldi murrizketa, ez subrogazioa, ez baja osagarrien igoera, ez errelebo kontratua, ez malgutasuna murriztea, ezta beste hainbat erreibindikazio ere", salatu du ELA sindikatuak.

Horren aurrean, ELA sindikatuak azpimarratu du "mobilizazioa eta greba direla era bakarra SEAk bere posizioa alda dezan". Hortaz, sektoreko langile guztiei dei egin die otsailaren 19an, larunbatean, Bilbo Plazatik 17:30ean aterako den manifestazioan parte hartzera. Sindikatuek behin baino gehiagotan ohartarazi dute: patronalaren "blokeoa" amaitu ezean, lanuzteak eta grebak hasiko dira sektorean; datozen egunak gako izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago