2021eko abenduan plataforma bateratua eratu ostean, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek Arabako metalaren sektorean hitzarmen duina lortzeko mobilizazio ziklo berri bati ekin diote. Ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoan iragarri dutenez, otsailaren 19an manifestazioa egingo dute, 17:30etan Gasteizko Bilbo plazatik; parte hartzeko dei egin diete sektoreko langile guztiei eta herritarrei oro har.
Sindikatuen artean bederatzi eskakizun zehatz adostu zituzten eta SEAri aurkeztu, patronalari exijituz horien inguruan negoziatzera esertzeko. Gaur egun, 25.000 pertsona baino gehiago daude Araban metalaren sektorean lanean, eta ELA, CCOO eta LAB sindikatuek "benetako blokeoa" bizitzen ari dela salatu dute: "Hiru urte luzez sektoreko hitzarmena negoziatzen ari gara, baina patronalak prozesua geldiarazi egin du. Bilerak joan, bilerak etorri, patronala ez da mugitzen; aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi".
Urtarrilean, SEAk hilabete bat eskatu zien sindikatuei, beren proposamenari erantzuteko eta mahaira zerbait eramateko. Otsailaren 14an izango da hurrengo bilera, eta sindikatuek espero dute patronalak "taktika aldatzea, immobilismotik ateratzea eta sektorearen beharrei erantzun egokiak emango dizkien plataforma bat aurkeztea".
Blokeo egoerarekin batera, sektoreko arazoak pilatzen ari direla ohartarazi dute: "Bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko beste ez diren soldatak, lanaldi oso luzeak eta malgutasun handia, iruzurra kontratuetan, behin-behineko enplegu gehiegi, prekarietatea —are handiagoa azpikontratetan eta ABLEen bidez ari diren pertsonengan—, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatu batean, lan istripu mordoa —urtean ia 2.000 gertatzen dira—, egungo egoerari egokitu gabeko baimenak...".
Bederatzi eskakizun
Egoera horren aurrean, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek —sektorearen ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala— "urrats bat aurrera" egitea erabaki zuten abenduan, eta, "kultura sindikal ezberdinetakoak izanik ere", ados jarri dira "Arabako metalgileei alternatiba bat eskaintzeko".
Horretarako, hiru sindikatuek lan hitzarmen bat lortzeko plataforma bat eratzea, urrats bateratuak egitea eta urtarriletik aurrera mobilizazio dinamika berri bati ekitea adostu zuten, bederatzi eskari zehatzekin:
- KPIz gaindiko soldata igoerak: gutxieneko soldata 1.400 euro.
- Lanaldiaren taxuzko murrizketa.
- Azpikontratetako langileen subrogazioa.
- Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasuna lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, aldebakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman.
Gainera, "egungo blokeo egoerak bere horretan jarraitzen badu eta planteatutako aldarrikapenei erantzun egokia ematen ez bazaie", hurrengo hilabeteetan lanuzteak eta grebak iragarri dituzte Arabako metalgintzan.
Atxikimendu ugari
Hilaren 19ko manifestazioarekin eta aurkeztutako aldarrikapen plataformarekin bat egin dute, oraingoz, USO, ESK eta CGT sindikatuek eta hainbat enpresa batzordek, hala nola Mercedes eta azpikontratak, Tubos Reunidos, Fiasa, CIE Automotive, Atusa, Gestamp Arasur, Condesa, SNA Europe, JEZ, Inauxa eta Amurrio Ferrocarril y Equipos.