Abentura digitalerako, tresna eske

Anakoz Amenabar 2022ko ots. 13a, 08:00

Ia nerabe guztiak daude sare sozialen batean erregistratuta, Unicefen txosten baten arabera. / Pixabay

Hezkuntza digitalaren garrantziaz kontzientziatzeko helburuarekin, 'Adingabeak eta mundu digitala. Har ezazu kontrola' mahai-ingurua antolatu du Vital Fundazioak. Ager daitezkeen arriskuei aurre egiteko, besteak beste, gailuak familian partekatzea eta umeekin batera lantzea gomendatu dute.

Aurrea hartu. Haurrek euren lehen mugikorra izan aurretik hasi behar da hezkuntza digitala, lehendabiziko pantailak euren eskuetara heltzen diren momentutik. Adingabeek mundu digitalarekin duten harremana eta izan ditzaketen arriskuak aztertu dituzte adituek Vital Fundazioak Gasteizen antolatutako mahai-inguruan, eta horixe nabarmendu dute hizlariek gakoen artean; inguru digitalean nerabeek aurki ditzaketen arazoak ugari izan daitezke, eta horretarako garrantzitsua izango da gurasoekin batera aisialdi tarte digitala partekatzea eta izan daitezkeen beharrei aurrea hartzea.

Gazteen teknologiaren erabilera aztertzeko Unicefek egindako txostena izan dute hizlariek mahai gainean, hainbat datu kezkagarri utzi dituena. Ia nerabe guztiak daude sare sozialen batean erregistratuta, eta ia hirutik bik profil bikoiztuak dituzte: %61,5ek azaldu dute kontu bat baino gehiago ireki dutela plataforma berean. Profilak ez dira berdin erabiltzen, bata familiak gainbegiratu dezakeela jakinda erabiltzen dute, eta bestea, berriz, bestelako harremanetarako. Are gehiago, dokumentuak ohartarazi du nerabeen %42k eduki erotiko edo sexualeko mezuak jaso dituztela Interneten, eta hamarretik bati heldu baten sexu-proposamen bat iritsi zaiola. Eduki sexualeko irudiak bidaltzea, sextinga, ere bada azaleratutako kezka. "Arazoa gainean dugun arte ez gara jabetzen, uste dugu gure seme-alabek ez dutela halakorik egingo, eta konturatu behar dugu benetako arazoa datorkigula", aipatu du Mikel Perez Vital Fundazioko teknikariak. "Duela 40 urte izan ziren arazo berdinak ditugu gurasook, gaur egun gailuek dakarten berehalakotasunak areagotuta, baina oraindik ez dugu serio hartu". 

'Adingabeak eta mundu digitala' mahai-ingurua, Dendarabako Vital Fundazioaren aretoan. / A. Amenabar

Aitziber Zulueta Gasteizko San Viator ikastetxeko bigarren hezkuntzako koordinatzaileak ere gaiaren inguruko interes falta sumatu du azkenaldian gurasoentzako antolatutako saioetan: "Lehen aretoak bete egiten ziren gai honekin, eta orain ez. Dena dakigula uste dugu, teoria ondo dakigula, eta praktika datorrenean... Tira, ikastetxeetatik laguntza eskaini dezakegu, baina ez dezagun ahaztu erantzule nagusiak gurasoak direla, eta umeek dituzten gadget-ak euren ardura dira".

Sare sozialetan izan daitezkeen arriskuak gertutik ezagutzen ditu Julen Linazasorok, Arabako eskoletan abian jarritako "Har ezazu kontrola" egitasmoaren koordinatzaileak, eta erradiografia kezkagarria utzi du agerian: "Arrisku handiko egoerak ikusten ari gara. Sexting-a uste duguna baino ohikoagoa da; hitzaldietan hortaz hitz egiten diegunean urduri jartzen dira nerabeak, elkarri begira... adierazgarria da". Eta izan dira haren saioaren ostean euren kasua zuzendaritzari kontatzera joan direnak. "Lehen hezkuntzan ikasle asko daude mehatxuak jasaten ari direnak".

Pauso bat gehiago, Maria Garcia Serrano Arabako Justizia saileko psikosozialeko hezitzaileak azaldu du mota honetako delituak nabarmen hazten ari direla, sare sozialen bitartez egiten direnak, Instagrametik gehienak. "Lehen mehatxu zuzenak ziren delituak orain sareen bitartez egiten dira, eta ondorioa larriagoa izan daiteke oihartzuna ere zabalagoa delako". Muturreko egoeren artean, 16 urte baino gutxiagoko neska baten kasua gogoratu du; klaseko kideek perfil faltsu bat sortu zuten, eta horrekin neskaren argazki intimoak lortu eta zabaldu zituzten. Erantzukizun zibil eta penalak izan ziren kideentzat, baina neskak eskola eta hiria utzi behar izan zuen, eta tratamendu psikologikoa jaso.   

Muturreko egoera horietara heldu aurretik, ordea, nola eten? Linazasororen ustez, gurasoek "mugak" jarri behar dituzte berandu baino lehen: "13 urte dituztenean mugak jartzea 8 urte dituztenean baino askoz ere zailagoa da; txikitatik izan behar dituzte, eta dagoeneko haurreskoletako gurasoek formazio saioak eskatu dizkigute".

Mugikorra, mahaitik kanpora

Nerea Ollora psikologoaren arabera, hainbat jokaera "normalizatzen" ari dira, maiz ematen dira, eta zaila da kaltegarriak diren antzematea. Horregatik ezinbestekoa da lanketa haurtzarotik egitea: "Aurrekoan, kalean ilada egiten ari zen ama zegoen bat urte eta erdi izango zuen ume batekin, eta segituan, umeak zirkinik egin gabe, negarrik egin gabe, pantaila jarri zion aurrean. Baliabide errazena". Horiek umeekin txikitatik landu behar direla uste du Ollorak, "13 urterekin horren zaila izan ez dadin".

Haren ustez, garrantzitsua da familian komunikazioa lantzea, komunikazio aberatsa izatea: "Komunikazio horrek konfiantza ekarriko du edozer galdetu ahal izateko; horregatik, bazkari eta afalorduan mahaitik kanpora mugikorrak". Iritzi berekoa da Mikel Perez, eta bazkalorduan mugikorra alde batera utzi behar dela dio: "Baina gurasoen errua ere bada gehienetan; edozein ospakizunetan 8 urteko umeari puntako gailua erosten diogu, ziurrenik etxera heltzen garenean bakean utzi eta tabletari lotuta egon dadin".

Juan Arce aditu informatikoaren arabera, gakoa da denbora digitala partekatzea seme-alabekin, eurekin batera pantaila aurrean esertzea: "Kontrolatzeko modu bat da, eta beharbada ez horren erasokorra; eurekin Pokemonetara jokatu behar bada, egiten da". Hala uste du Linazasorok ere: "Eta gurasoei mundu digitalarekin duten beldurra kentzeko esango nieke, uste dutena baino gehiago baitakite; bizitzan bezala, zentzuz jokatzea da gakoa".

Bestelako neurri batzuen artean, aukerak izan daitezke sarbidea mugatuko duen adin-tarte bat esleitzea, izaera sexualeko edo indarkeriazko edukiak blokeatzea, gailua ordu jakin batzuetan soilik erabili ahal izatea, edo webcam-aren erabilera mugatzea. "Mugikor bat oparitzen badiegu, eurekin egon behar dugu, ez da nahikoa gailuan gurasoen kontrola aktibatzearekin"

Erlazionatuak

"Nerabeek ez dute arriskurik ikusten"

Anakoz Amenabar 2022 ots 13 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago