San Viator ikastetxeko bigarren hezkuntzako koordinatzailea da Aitziber Zulueta.
Alor digitalean zein da antzeman duzuen arrisku nabarmenena?
Batetik, nerabeek kognitiboki eta emozionalki informazio guztia prozesatzeko gaitasunik ez dute oraindik, eta, bestetik, horri mundu digitalaren informazio-jasa guztia eta filtratu gabekoa batu behar diogu. Eta horren ondorioak askotarikoak dira. Bullying arazoak izan ditugu, identitate ordezkapenak, adikzioak...
Arriskuez jabetzen dira ikasleak?
Ez dut uste. Pentsatzen dute menperatzen dutela, gai direla, eta ez dute arriskurik ikusten. Ikastetxean badira horiek ez gertatzeko kontrol batzuk, edukiak filtratzen dituena, nahi ditugun edukiak jasotzen dituzte, baina horiek ere tarteka salto egiten dituzte. Halere, benetako arazoa kanpoan areagotzen dela uste dut.
DBH-ko lehen mailan hasten dira arazoak?
Lehenengo mailan mugikor berriarekin etortzen dira; gehienek hor izaten dute lehenengo aldiz sakelakoa. Gailua erabiltzen hasten dira, baina kontrolik gabe; besteak beste, ikastetxe eta etxeetan ez diegulako azaldu ezin direla 200 laguneko whatsapp taldeak egin, eta hala egitekotan esan baino entzun egin behar dutela taldean... Nerabe bezala, normala den moduan, probatzen ari dira. Zer gertatzen da norbait taldetik ateratzen badugu? Eta norbait sartu? Argazki hau igotzen badut? Erreakzio bila ari dira; bizitzaren ikerketa bat da teknologia berriekin.
Aurrera egin ahala...
Bigarren mailan hobeto menperatzen dute, eta bere adinekoentzat ez diren webguneetara sartzen hasten dira. Eta hirugarren eta laugarren mailan ate guztiak dituzte zabalik, eta beste arazo batzuk hasten dira: apustuak egiten, pornoa kontsumitzen... Batxilergoan badirudi helduak direla, baina oraindik ere arazoak izaten dira.
Bada ikasle-profil jakin bat horretarako joera duena?
Denboran zehar ikusi dugu nahiko ohikoa dela isilagoak diren ikasleen artean agertzea zenbait kasu; eskolan ikasle onak dira, ez dira zaratatsuak, ez dira liderrak, eta agian barnerakoiagoak dira. Beraien harremanak beste era batera egiten saiatzen dira; agian liderrak izan daitezke interneten, baina bizitza presentzialean ez. Multzo horretan bada kopuru adierazgarri bat, eta adi egon behar dugu.
Gurasoei zer gomendio emango zenieke? Kontrola izan behar dute?
Bai, beti. Mugikor eta ordenagailuetan zer egiten ari diren jakin behar dute. Kontrola izan behar dute, eta hezkuntza oso garrantzitsua da. Baina kontrola esaten dudanean eurekin esertzea esan nahi dut, gai hauen inguruan elkarrekin hitz egin behar dute.
Zer erronka ditu ikastetxeak maila digitalean?
Erabilera zuzena eta eraginkorra lortu behar dugu; pedagogikoki eraginkorra izan behar da, bestela ez du ezertarako balio. Pandemia erronka zaila izan da, lau egun izan genituelako gure komunikazio digitala hasi eta garatzeko, baina zorionez aurretik egindako lana oso lagungarria izan zaigu San Viatorren; itxialdia heldu zenerako prest geuden, eta 'online' eskolak nola eman ikasita genuen, Gasteizko ikastetxe gehienetan ez bezala. Hobetzeko asko dugu aurretik, denontzako berria delako, baina horretan sakontzen jarraituko dugu.