Koronabirusa

LABIk neurri murriztaileak arintzea aztertuko du ostegunean

Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 10:05

Gotzone Sagardui eta Iñigo Urkullu, LABIren azken bileraren aurretik. / IREKIA

Bihar 18:30ean izango da LABIren hurrengo bilera, pandemiari aurre egiteko neurri murriztaile berriak erabakitzeko. Bertan hartutako erabakien berri emango du lehendakariak 20:00ak aldera, bileraren ostean.

LABI eguna izango da biharkoa. Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia, gainera, ostegun iluntzeko poteoan harrapatuko ditu asko. Bileran hartutako erabakien berri 20:00ak aldera emango dute, eta, printzipioz, neurri berriak otsailaren 14an sartuko lirateke indarrean.

18:30ean bilduko dira LABI instituzionaleko ordezkariak, lehendakaria buru, azken egunetako datu epidemiologikoak aztertu eta indarrean dauden neurri murriztaileekin zer egin erabakitzeko. Aurretik, asteazken honetan, LABI zientifiko-teknikoa bilduko da, neurri zehatzak proposatzeko.

Aurreikus daitekeenez, litekeena da ordutegiei zein edukierei dagozkien neurri nagusiak arintzea. Izan ere, azken egunetan "pandemiaren bilakaera ona" izan dela adierazi du Osasun Sailak, positibo kopuru, intzidentzia, ospitaleratze eta ZIUen okupazioaren hobekuntzari erreparatuta; hala ere, hildakoen kopurua oraindik ere "handia" dela ohartarazi dute.

Joan den ostiralean, otsailaren 4an, Covid ziurtagiriaren derrigortasuna bertan behera gelditu zen EAEko toki guztietan. Gainera, ostegun honetan, hilaren 10ean, kalean maskara erabiltzea ere derrigorrezkoa izateari utziko dio.

Une honetan, honako hauek dira indarrean jarraitzen duten neurri murriztaile nagusiakurtarrilaren 28ko LABIren azken bileran ezarri ziren, otsailaren 13ra arte luzatzeko aurreikuspenarekin—:

  • Ostalaritza, merkataritza eta kultura jarduera oro 01:00etan amaitu behar da.
  • Gaueko aisialdia debekatuta dago erabat.
  • Ostalaritzan: ezin da zutik kontsumitu, eta gehienez hamar lagun bildu daitezke mahai berean.
  • Edukiera: %60ra mugatuta; gehienez 600 pertsona eremu itxietan, eta 800 aire zabalekoetan; %75ekoa futbol estadioetan eta %50 saskibaloiaren kasuan.
  • Garraio publikoa: 02:00ak arte.

Horrez gain, egunotan, Hezkuntza eta Osasun sailek hezkuntzan ezarritako protokoloak eta neurriak berrikusiko dituztela aurreratu zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago