Ostegun arratsaldean zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ostiralean, otsailaren 4an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratuko duela Osasun Sailburuaren agindu berri bat, azaroaren 17ko agindua bertan behera utziko duena.
Horren bidez, Covid ziurtagiriak derrigorrezkoa izateari utzi dio erabat, baita 50 lagunetik gorako jatetxeetara eta gaueko aisialdiarekin lotutako establezimenduetara sartzeko ere. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epaiaren ostean, ziurtagiriaren derrigortasunak soilik bi kasu horietan jarraitzen zuen indarrean.
"Pandemiaren egungo bilakaera epidemiologikoa eta sanitarioa ikusita, baina batez ere Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman ondoren", Eusko Jaurlaritzak "koherentetzat" jo du aipatutako agindua indarrik gabe uztea. Gainera, Covid ziurtagiria eskatzeko guneak zabaltzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 14ko dekretuaren indarraldia amaituta dago astelehenetik.
Bihartik aurrera, beraz, ez da beharrezkoa izango Covid ziurtagiri digitala eskatzea EAEko establezimenduetan sartzeko, baina bai Europako Batasunaren barruko zirkulaziorako, neurri horrek indarrean jarraitzen baitu Europa mailan.
Prebentzio neurriak
Azkenik, agindua bertan behera uzteaz gain, "prebentzio zein autobabes neurriak" eta "segurtasun zein zorroztasun printzipioak" betetzen jarraitzeko beharra berretsi du Osasun Sailak. "Norbanakoaren erantzukizuna lehen mailako bermea da kutsaduraren hedapena saihesteko", azpimarratu du, herritarrei "lankidetzarako" deia eginez.
Informazioa osatzen ari gara.