Aldian behin grafitigileen kontrako kanpainak izaten dira, eta oraingoa ere ez da ezustea izan Egoitz Konte Ojodekuervo (Gasteiz, 1980) grafitigile eta arkitektoarentzat. Aldiz, horretarako Gorka Urtaranek, hedabide baten laguntzarekin, iragarritako baliabideak harrituta utzi du. "Grafitigileak ehizatu" goiburuarekin, kriminologoak, poliziak eta grafologoak lan horretan arituko direla esan du Gasteizko alkateak, eta 3.000 euro arteko isunak iragarri ditu.
Sorpresa izan da alkateak joan den asteburuan adierazitakoa? Gasteizen dauden grafitiak kentzeko asmoa iragarri du.
Kanpaina mota hauek beti izan dira. Ez da nobedadea. Aldiro ateratzen da polemika hau. Gehien harritu nauena kriminologo, grafologo eta aditu talde horrena izan da. Beharbada hedabideetako lerroburuetan ederki geratzen da talde handi bat duzula kaletik horretan lanean, ez dakit. Eta Urtaranen "ehiza" moduko hitzak populismotik gertuago daudela esango nuke. Atentzioa eman dit polemikak, eta ez dakit zer lortu nahi duten; agian, jendeari sinetsaraztea zerbait egiten ari direla eta ondo egiten ari direla. Eta horrela balitz ere, benetan horretan lanean baleude, beste irakurketa bat egin dezakegu: Merezi du diru hori horretan gastatzea? Hiria hobetuko du? Ala hobe da diru hori beste gauza batera bideratzea, benetako arazoak sortzen diren guneetan inbertitzea?
"Hiru grafitero kriminalizatu daitezke, baina beste hiru agertuko dira"
Lehentasuna da Udalarentzat grafitiak ezabatzea?
Beti izan dira kezka instituzioentzat, baina grafitiak uholde bat dira. Mugimendu bat da, ez da elkarte jakin batek egiten duen lan kontrolatua; grafitigilea zara kalera margotzera ateratzen zarelako soilik, eta zure hirian dauden beste grafitigileak ere ez dituzu zertan ezagutu behar. Mugimendu horrek erakundeentzako duen arazoa da ilegala dela, ez da baimenik eskatzen, eta arazoa sor daiteke hormaren batean. Hiri bat saiatzen da bere fatxadak kontrolatuak izaten, gauzak egiteko baimenak ematen, eta, beraz, oinarrizko arau horren kontra doanaren aurka lan egitea beti izango da lehentasuna erakundeentzat. Hori jakinda, halaber, jakinik kontrolatu ezin daitekeen mugimendu bat dela, orain kanpaina egin dezakezu eta hiru lagun grafitigile kaletik kentzea lortu dezakezu, baina horien atzetik beste hiru edo lau aterako dira berandu baino lehen. Ez da elkarte antolatu bat, ekosistema bat baizik, eta bera bakarrik erregulatzen da.
Kanpainak kanpaina, grafitigileek jarraituko dute, beraz?
Gaur hiru-lau grafitero kriminalizatu daitezke, baina beste batzuk agertuko dira atzetik zeozer ezberdina egingo dutenak. Portada bat bilatu nahi da, eta zeozer egiten dela esan, baina... Ezagutzen dugu isunak jaso eta margotzen jarraitzen dutenak.
Mehatxu hori beti atzetik, beraz...
Ohituta gaude. Nik aspaldi ez dut kalean margotzen, beste bizitza erritmo bat daukadalako, baina horrela izaten da. Garai batzuetan oso ondo ikusia zegoen kalean margotzea, eta beste batzuetan gizarteko okerrena ginen, baina mantendu gara horretan. Eta ez dut uste grafitigileak horrenbesteko kalterik egiten duenik. Noski, ulertzen dut norbaiti erakusleihoa izorratzen badiozu ez diola graziarik egingo eta arazoak sor daitezkeela, baina Gasteizen margotu izan diren pareta gehienek ez dute balio arkitektoniko edo urbanistikorik.
Mugarik jartzen da grafitiak egitean?
Nik bai, jartzen ditut, baina izan daiteke horrekin nik ardura bat dudalako; harriaren gainean, esate baterako, ez nuen inoiz margotzen. Baina batzuek hori ez dute errespetatzen, batzuek adreiluzko paretetan soilik egiten dute eta beste batzuek ez...
Arriskurik izaten zen zure garaian?
Arriskua beti. Pareta bat aukeratu behar zen, eta hor margotu. Gasteizen grafitiak 90. hamarkadatik daude; DudaX izan zen hasierako grafitigilea, Xtralargos sartu ziren ostean, eta pixkat beranduago heldu ginen gu. Tradizio luzea da, eta hiriko Santa Lucia, Aranbizkarra edota Zaramaga auzoetara joanez gero antzeman daiteke, grafiti pila bat daude hauetan. Gasteizen nortasunaren parte dira grafitiak. Margotu izan dugu, eta ez dugu jendearekin arazorik izan gehienetan, ez bada lonja bateko jabea haserretu dela eta... hitz eginda, laster konpondu da arazoa. Poliziarekin ere, antzera; ikusten zuten margotzen ari ginela, ez beste ezertan, eta aurrera egiten zuten. Arriskua beti dago, noski. Baina Gasteizek arrisku gutxi duela ere egia da, oso hiri lasaia da margotzeko, orain arte behintzat...
"Hau mugimendu bat da, ez da elkarte jakin batek egiten duen lan kontrolatua"
Askotan horma-irudiak, grafitiak, pintaketak... dena sartzen da zaku berean.
Eskutik doazen hiru mundu nahasten dira. Alde batetik, muralismoa daukagu, horma-irudiak; horman egiten den artelan bat da, beti legala, eta Gasteizen adibide asko ditugu, horietako asko diru publikoarekin egindakoak. Beste alde batetik, grafitia; hau ere horma-irudi bat da, pareta batean egiten dena, baina beste bide batzuk jarraitzen dituena, legez kanpokoak; grafitiak ez du zertan polita izan behar, ez du zertan hori bilatu. Margotzen ari denaren adierazpen bat bilakatzea da helburua, edota egilearen izena askotan errepikatzea horiekin, "egoaren publizitatea" delakoa, eta egin daiteke landuagoa edo ez horren landua. Hirugarrena street-art delakoa da, grafitiarekin zerikusi gehiago duena normalki ilegalki egiten delako ere, baina grafitietan espraiak erabiltzen dira eta letrak dira nagusi, eta horietan beste lan batzuk: kartelak, plantillak.. Hiru mundu dira, eskutik doazenak, komunean gauzak dituztenak, baina beren berezitasunekin. Askotan musikarekin parekatzen dut; punk, heavy eta pop mugimenduak musikak dira guztiak, baina desberdinak guztiz, bai planteamenduan eta bai baloreetan.
Asko aldatu dira grafitiak zure garaietatik?
Jende gaztea sartzen joaten da, eta bere garaiko isla dira egungo grafitiak ere. Bestalde, norberak ere bere gauzak adierazi nahi ditu horman; niri adibidez pintada azkarrak egitea ez zait inoiz gustatu, ez ditut disfrutatzen, nahiago dut denbora eman horma batean, landuagoa uztea, eta nere artea modu horretan adieraztea. Aldiz, beste batzuek nahiago dute zerbait azkarra egitea eta beren izena askotan ateratzea, nonahi errepikatzea. Gure atzetik etorri direnei, esaterako, hori gustatu zaie gehien, bombing-a edo izena errepikatzea; Coun, adibidez, mundu guztiak ezagutzen du Euskal Herrian. Garai bakoitzak bere espresioak ditu.
'Orainaldian, laissez faire' dokumentaleko irudia; eskuinean, Egoitz Konte. / 'Orainaldian'
'Orainaldian' dokumentala
Gasteizko gazte sortzaileen eta hiriko underground kulturaren inguruko Orainaldian. Laissez Faire dokumentala 2018. urtean estreinatu zuten Iñaki Landak, Gindi Auzmendik eta Mikel Buruagak.
ALEAren webgunean ikusgai dagoen ikus-entzunezkoan agertzen diren hamabi elkarrizketen artean, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileei egindakoa dago: