Justiziak beste kolpe bat eman dio Urkulluren gobernuak pandemiaren inguruan egindako kudeaketari: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du baimenduko Covid ziurtagiria otsailaren 13ra arte luzatzea, ezta espazio gehiagotara zabaltzea —hotelak, ostatuak, joko aretoak eta apustu etxeak—. Eusko Jaurlaritzak ostiralean eskatu zuen luzapena, txertaketa sustatzeko neurri gisa.
Horrela, EAEn Covid ziurtagiriaren derrigortasuna ez da bertan behera gelditu erabat. Dagoeneko ez da erakutsi beharko ostalaritza establezimendu edo ekitaldi guztietara sartzeko, eta ostalariek zein ekitaldien antolatzaileek ez dute eskatu beharko.
Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena gorabehera, oraindik ere derrigorrezkoa izango da 50 lagun baino gehiagorentzako edukiera duten jatetxeetan eta 22:00etatik aurrerako gaueko aisialdian; hau da, ostalaritza sektore osora eta espazio itxietako ekitaldi guztietara zabaldu aurretik abenduaren erdialdean zeuden irizpideak itzuliko dira. Izan ere, lehen agindu horrek iraupen mugagabea zuen, intzidentzia tasa 150 kasuetatik gora dagoen bitartean.
Une honetan, otsailaren 1ean, hutsune legaleko egoeran dago Covid ziurtagiria. Izan ere, indarrean zegoen agindua bart gauean, asteleheneko 23:59an, amaitu zen. Eta agindu berria indarrean sartzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar du oraindik.
"Ez dago justifikatuta"
Ebazpena eman duten epaileen aburuz, neurriaren eraginkortasuna eta beharra "motibazio eta ahalegin handiagoarekin justifikatu" behar zituen Jaurlaritzak. Izan ere, aurreko eskariaren "ia berdina" aurkeztu duela aurpegiratu diote, "inguruabar berriak egiaztatu gabe".
Epaitegiaren ustez, "neurriaren eraginkortasuna ez dago justifikatuta gaur egun kutsatzeak saihesteko edo nabarmen murrizteko". Ondorioz, eskatutako neurria baimendu ezin dela ziurtatu du auzitegiak. Fiskaltzak berak ere astelehen honetan iragarri zuen espazio gehiagotan eskatzearen aurka zegoela, baina bi astez luzatzearen beharrarekin bat egin zuen.