Koronabirusa

Neurri murriztaileei eta Covid ziurtagiriari eutsiko die Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2022ko urt. 27a, 17:00
Iñigo Urkulluren agerraldi bat; atzean, Gotzone Sagardui Osasun sailburua. / IREKIA

Ostiralean 16:30ean egingo da LABIren hurrengo bilera: ezusteko ezean, neurri murriztaileei eutsiko diete. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Covid ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte mantentzeko baimena eskatuko dio Auzitegi Nagusiari.

Urtarrilaren 28an, ostiral honetan, amaitzekoak ziren Covid-19ari aurre egiteko abenduaren 28an ezarritako neurri murriztaileak. Baina, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur iragarri duenez, neurri murriztaileei —gehienei, bederen— eutsiko diete bihar 16:30ean egingo duten LABI politikoaren bileran; izan ere, osasun egoera egonkortzen ari den zantzuak dauden arren, hori izan da LABI teknikoaren gomendioa.

Gainera, mahai gainean zegoen beste erabaki garrantzitsu baten inguruko iragarpena egin du Urkulluk: Eusko Jaurlaritzak Covid ziurtagiriaren derrigortasuna mantendu nahi du, gutxienez otsailaren 13ra arte —bi aste barru—, eta horretarako baimena eskatuko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Orain arte, indarraldia urtarrilaren 31ra arte zegoen ezarrita, hau da, datorren astelehenera arte.

Eta ez hori bakarrik: ziurtagiria espazio gehiagotara zabaldu nahi dute, gaur egun derrigorrezkoa den leku askotan ere —ostalaritzan eta espazio publiko itxi gehienetan— ia eskatzen ez den arren. Erabilera, besteak beste, turismoaren sektorera —hotelak eta era guztietako ostatuak— eta joko aretoetara zabalduko litzateke.

Hortaz, EAEko herritarrek aste batzuk gehiago itxaron beharko dute oraindik normaltasuna berreskuratu ahal izateko. Honako hauek dira gaur egun indarrean dauden neurri nagusiak:

  • Ostalaritza, merkataritza eta kultura jarduera oro 01:00etan amaitu behar da.
  • Gaueko aisialdia debekatuta dago erabat.
  • Ostalaritzan: ezin da zutik kontsumitu, eta gehienez hamar lagun bildu daitezke mahai berean.
  • Edukiera: %60ra mugatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide