Koronabirusa

Neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte luzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2022ko urt. 28a, 17:56

LABIren gaurko bilera, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. / IREKIA

LABIren gaurko bilera ezustekorik gabe egin dute, eta neurri murriztaileei otsailaren 13ra arte eutsiko die Jaurlaritzak.

Ostiral honetan amaitzekoak ziren Covid-19ari aurre egiteko abenduaren 28an ezarritako neurri murriztaileak. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak ostegunean iragarri zuenez, neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte mantentzea erabaki dute LABIren gaurko bileran; izan ere, osasun egoera egonkortzen ari den zantzuak dauden arren, hori izan da LABI teknikoaren gomendioa.

Hortaz, EAEko herritarrek gutxienez bi aste gehiago itxaron beharko dute oraindik normaltasuna berreskuratu ahal izateko. Honako hauek dira gaur egun indarrean dauden neurri nagusiak, eta, momentuz, otsailaren 13ra arte mantenduko direnak:

  • Ostalaritza, merkataritza eta kultura jarduera oro 01:00etan amaitu behar da.
  • Gaueko aisialdia debekatuta dago erabat.
  • Ostalaritzan: ezin da zutik kontsumitu, eta gehienez hamar lagun bildu daitezke mahai berean.
  • Edukiera: %60ra mugatuta; gehienez 600 pertsona eremu itxietan, eta 800 aire zabalekoetan; %75ekoa futbol estadioetan eta %50 saskibaloiaren kasuan.
  • Garraio publikoa: 02:00ak arte funtzionatuko du.

Eskola kirola, bueltan

Bestalde, gaurtik aurrera izango dugun aldaketa bakarra eskola kiroleko lehiaketaren itzulera izango da. Izan ere, Arabako 20.000 haur ingururi eta 57 kirol modalitate bihar, larunbatean, itzuliko dira lehiaketara, aldundiek urtarrilaren 10etik hiru asteko etenaldia agindu ostean.

Covid ziurtagiria, epaitegien zain

Mahai gainean zegoen beste erabaki garrantzitsuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Covid ziurtagiriaren derrigortasuna mantendu nahi du, gutxienez otsailaren 13ra arte, eta horretarako baimena eskatuko dio dagoeneko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Orain arte, indarraldia urtarrilaren 31ra arte zegoen ezarrita, hau da, datorren astelehenera arte; hala ere, epaitegien erabakia astearterako espero da, eta, beraz, ordu batzuetako hutsune legala egongo da.

Gainera, ziurtagiria espazio gehiagotara zabaldu nahi dute, gaur egun derrigorrezkoa den leku askotan ere —ostalaritzan eta espazio publiko itxi gehienetan— ia eskatzen ez den arren. Erabilera, besteak beste, turismoaren sektorera —hotelak eta era guztietako ostatuak— eta joko aretoetara zabalduko litzateke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago