Atzo eta gaur federazioekin eta guraso elkarteekin izandako bileren ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskolaz kanpoko jarduera guztiak baimentzeko jakinarazpena jaso ondoren, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak asteburu honetan bertan eskola kiroleko lehiaketari berrekitea erabaki du: Arabako 20.000 haur ingururi eta 57 kirol modalitateri eragingo die.
Horrela, eskola kirola 2021eko amaierako baldintzetara itzuliko da, Aldundiak urtarrilaren 10etik hiru asteko etenaldia agindu ostean; denbora horretan entrenamenduak mantendu dira, baina lehiaketarik gabe. Teorian Covid-19ari aurre egiteko neurri gisa hartutako erabakiak ezinegon handia sortu du azken asteetan, bai kirol federazio eta familien artean, eta baita Aldundian bertan ere; izan ere, Kirol diputatu Ana del Valek adierazi zuen Aldundia ez zegoela ados neurriarekin —neurria berak aplikatu zuen arren—, eta txapelketak itzultzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.
Ana del Val bera izan da eskola kiroleko eragileei erabakiaren berri eman diena, eta asteburu honetako jardunaldia zein garraioa planifikatzeko agindua eman du. "Eskerrak eman nahi dizkiet eskola kiroleko eragile guztiei azken asteotan izan duten jarrera proaktiboagatik, eta aitortu nahi diet bi urte hauetan inplikatu egin direla eskola kirol seguru baten garapenean, bizitzea egokitu zaigun egoera zailetan", adierazi du.
"Era berean, eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzari, batez ere osasun agintaritzari, etengabeko koordinazioagatik eta elkarrizketagatik, eta aitortu nahi diet zaila dela aurre egin behar izan dioten erronkari ekitea, guztiok nahi baitugu, berandu baino lehen, maila guztietan hainbeste kalte eragin dituen egoera epidemiologiko honekin bukatzea", amaitu du, eskola kirolak haurrengan duen garrantzia nabarmenduz.