Urtarrilaren 7an, Covid-19ari aurre egiteko neurri gisa eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioari jarraituz, Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi zituen eskola kiroleko lehiaketak, hilaren 10etik eta, momentuz, hilaren 28ra arte. Gainerako jarduerak egiten jarraitu ahal izan dira, baina erabakiak hautsak harrotu ditu berriz ere kirol federazioetan, hezkuntza komunitatean eta familien artean.
Gaur bertan, Kirol eta Kultura Saileko foru diputatu Ana del Valek, SER Vitoria irratian egindako elkarrizketa batean, azaldu du Aldundia ez zegoela ados erabakiarekin baina Osasun Sailaren gomendioa bete behar zuela. Gainera, eskola kiroleko txapelketak itzultzea ofizialki eskatu dio Eusko Jaurlaritzari: "Espero dut gure iritziak kontuan hartzea eta lehiaketa eskola kirolera itzultzea", adierazi du diputatuak.
Itzulera hori, edonola ere, urtarrilaren 28tik aurrera kokatu du Aldundiak; hau da, 29an, hileko azken larunbatean.
Bere aldetik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak lehiaketen etenaldia defendatu du, "txertoa hartu ez duen kolektibo bat babesteko" eta "ikasgeletan absentismoa areagotzen duten kutsatzeak saihesteko" neurri gisa.
Duela egun batzuk, EH Bilduk eskola kiroleko lehiaketak berriro martxan jartzea eskatu zion foru gobernuari. Kirol eremuen arteko "kontraesanak" salatu eta adingabeen osasun mentalaren egoeraz ohartarazi zuen batzarkide talde independentistak.