Koronabirusa

Eskola kirola berriro martxan jartzea eskatu dio EH Bilduk foru gobernuari

Erredakzioa 2022ko urt. 12a, 10:16

Gutxienez urtarrilaren 28ra bitartean ez da kirol lehiaketarik izango. / Argazkia: PIXABAY

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, Aldundiari eta Hezkuntza Sailari eskola kirola berriz abian jar dezatela eskatuz. Kirol eremuen arteko "kontraesanak" salatu eta adingabeen osasun mentalaren egoeraz ohartarazi dute.

Joan den ostiralean, Covid-19ari aurre egiteko neurri gisa eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioari jarraituz, Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi zituen eskola kiroleko txapelketak, oraingoz hilaren 28ra arte. Gainerako jarduerak egiten jarraitu ahal izan dira, baina erabakiak hautsak harrotu ditu berriz ere hezkuntza komunitatean eta familien artean.

Astearte honetan, EH Bilduk eskola kirola berriz abian jar dezatela eskatu die Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Batzar Nagusietan aurkeztutako mozio baten bitartez. "Adin txikikoen osasun orokorra zein prebentzioa indartzeko eta bizitza aktibo osasuntsuan eragiten duten jarduerak sustatzeko" eskola kirolak duen garrantzia azpimarratu du batzarkide talde subiranistak.

Xabier Valdor batzarkideak kirol eremuen arteko "kontraesanak" kritikatu ditu: "Ez da ulergarria Diputazioak eskola kirola debekatzea, eta kirolari federatuei jokatzen uztea, ondorio kaltegarriagoak sortzen dituenean azken horrek, pilaketa, kontaktu eta mugimendu fluxuei dagokienez". Gainera, hezkuntzako protokoloak gainerako herritarrei bideratutako neurriekin "koherentziarik ez" duela salatu du Valdorrek.

"Adingabeen osasun mentalaren egoeraz ohartarazi dute adituek azken boladan, eta, ildo horretan, halako erabakiek, mesedea baino, kaltea eragiten diete adingabeei, bizitzako funtsezko ohituretan eta osasun mentalean duten eraginagatik", azpimarratu du batzarkideak. "Zer da hobea, jolasa eta mugimendua sustatzea, edo psikiatrarekin kontsulta gehiago bideratu behar izatea? Edo adingabeei elikadura dietak jarri behar izatea? Ohiturak ekintzekin eta praktikarekin sustatzen eta elikatzen dira".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago