Normaltasunera bidean, 21 eguneko prezipitazioen eta uholde historikoen ostean

Erredakzioa 2021ko abe. 13a, 08:00

Eguzkia igandean iritsi ostean, Zadorraren maila bere onera itzultzen ari da. / Arg: @IratiIciar

Uholdeek eragindako kalteak kalkulatzea faltan, normaltasuna pixkanaka itzultzen ari da Arabara. 21 eguneko prezipitazio historikoak amaituta, larrialdi plana desaktibatu dute erakundeek, eta datozen egunetan eguraldi ona espero da.

Prezipitazioak 21 egunez jarraian —243 litro metro koadroko—, Uribarri Ganboako urtegia bere edukieraren mugan eta Zadorra ibaiaren gainezkatzea. Egoera horrek uholde historikoak eta kalte larriak eragin ditu Araban azken egunetan, gutxienez azken bi hamarkadetan ikusi gabekoak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu duenez, hamabi egunetan Gasteizek eta Bilbok urtebetean kontsumitzen duten ur guztia jaso dute urtegiek.

Baina ekaitzaren osteko barealdia iritsi da, azkenik. Uribarri Ganboako urtegia %95eko edukierara jaitsi da —%98an izan ostean—, eta Zadorra ibaiaren maila ere 70 zentimetro jaitsi da, ohiko egoerara itzuliz. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak uholdeei aurre egiteko plana desaktibatu dute, kalteen benetako magnitudea neurtu eta garbiketa zein errehabilitazio lanak egin bitartean.

Gasteiztik Bilborako irteera nagusia, N-622 errepidea, zabalik dago igande gauetik, baina oraindik ere bigarren mailako errepide ugarik itxita jarraitzen dute lurraldean zehar; egoera hori datozen orduetan bideratzen joango da. Halaber, Gasteizko Udalaren baliabideetan ostatua jaso duten Abetxuku eta Aztegietako 35 bizilagunak ere datozen orduetan itzuli ahal izango dira beren etxebizitzetara.

Nolanahi ere, datozen egunetan eguraldi ona iragarri du Euskalmetek, eta normaltasuna laster itzuliko dela aurreikusi daiteke.

Uholdeen irudiak, airetik

Segurtasun Sailak Zadorra ibaiaren ibilguaren aireko irudiak hartu zituen ostiralean, SOS Deiak zerbitzuari "beste modu batera egitea ezinezkoa den eremuetara iristen laguntzeko":

Erlazionatuak

Hotza bai, Eguzkia ere bai

Erredakzioa 2021 abe 13 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago