Egoerak behartuta, urtegietatik husten den ur kopurua areagotzeko erabakia hartu behar izan zuten atzokoan agintariek. Ur isuri gehigarriaren eraginez, eta etengabe botatako prezipitazioak lagunduta, egoera larriagotu zitekeela aurreikusten zuen. Hala, ilundu bezala, uretan murgilduta argitu du eguna hiriburu inguruko lurretan.
Gasteizko udaltzaingoak Zumarren hiribidea eta Gamarrako atea itxi behar izan ditu, urak trafikoa erabat oztopatzen duelako. Gasteiztik Bilbora ateratzeko bideak hortaz, moztuta daude goizean zehar. Bide hori egin behar dutenei Dura norabidea hartzeko gomendatzen zaie (A-30004 errepidea).
TUVISAren sareak atzerapenak ditu hainbat lineatan, L9 autobus-linea etenda dago Gamarratik aurrera eta Astegietara ere ez dira iristen autobusak.
Foronda airoportuan ere izan du eragina Zadorra ibaiaren gainezkatzeak, planeatze pista urpean uzteraino. Bidaiariak hartzen dituen eraikin barrura sartu da ere ura.
Segurtasun gomendioak
Iparraldean ez ezik, hiri hegoaldeko landa eremuan zein Batan auzo inguruetan arretaz jokatzeko eskatzen diete herritarrei. Urak hartutako eremurik ikustekotan, ez oinez, ezta kotxez ere, ez zeharkatzeko abisua luzatu dute.
Datozen orduetan, prezipitazioen murriztearekin batera, egoerak onera egingo duela aurreikusten da. Alerta laranja amaitutzat eman dute larrialdi zerbitzuek eta eguna bukatu bitartean, Araban, 5l/m2 bota ditzakeela diote prebisioek. Hala ere abisu horiekin jarraituko dugu gune batzuetan ibaiek duten maila altuaren eraginez.