Dena prest dago urriaren 23rako Araba Bizirik plataformak antolatutako manifestaziorako. Mobilizazio horren atarian, bi protesta izan dira Araban iragan asteburuan.
Ostiral arratsaldean, Araba Bizirik plataformak eta Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak, elkarretaratzea antolatu zuten Iberdrolak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, argindarraren prezioaren igoera salatzeko. Iberdrola lapurrak! Gure pobrezia eta naturaren espoliazioa zuen aberastasuna lelopean, "energia ekoizpena handitzeko estrategia oportunista" kritikatu zuten, "energiaren prezioa gehieneko balioetara iristen denean, Iberdrola aberastea eta, neurri berean, pertsonak pobretzea" ekarri duelako.
Eolikoen aurkako protesta, Jarindora
Larunbatean, Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan, proiektu eolikoen eraginpeko mendietara antolatutako seigarren eta azken martxa egin zuen Arabako Mendiak Askek, Jarindo mendira (Arlaban). Leintz Gatzagatik, Aramaiotik, Legutiotik eta Marixekatik abiatutako lau ibilbideek bat egin zuten mendiaren gailurrean, eta bertan ekitaldia egin zuten.
Hilabeteetako protesten ostean Eusko Jaurlaritzak Iturrieta eta Arkamuko proiektuei uko egin dien arren, gutxienez beste lau proiektu daude oraindik martxan Arabako mendietan; Azazeta, Labraza eta Cantoblancoko proiektuekin batera, horietako bat da Jarindokoa.
"Hitz egitea eta biodibertsitatea babestuko duen ingurumen politika bat adostea" eskatu du plataformak azken martxan, besteak beste, energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bat eskatuz.
Urriaren 23an, egun osoko protesta
Duela hilabete batzuk, lau makroproiekturen aurkako mugimenduek beren indarrak batu zituzten Araba Bizirik plataformaren inguruan: AHTrik Ez plataforma —gaur egungo trenbide sareak erabiltzearen alde—, Arabako Mendiak Aske —lurraldeko mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurka—, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua —nekazaritza ekoizpena industrializatzearen zein negutegi erraldoien aurka eta elikadura sistema jasangarrien alde— eta Proiektu Honi Ez —Solariak Durako nekazal lurretan eraiki nahi duen parke fotovoltaiko erraldoiaren aurka—.
Plataforma sortzearekin batera, proiektu horiek geldiaraztea beharrezkoa dela aldarrikatzeko manifestazioa deitu zuten urriaren 23rako; 18:30ean abiatuko da Gasteizko Bilbo plazatik. Mobilizazio nagusiaz gain, egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako: