Proiektu eolikoen aurkako aldarria Jarindo mendira igoko da larunbatean

Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 10:00

Jarindo mendiaren tontorra (895 metro), Arlaban mendatean. / WIKILOC - Josefe

Arabako Mendiak Askek proiektu eolikoen eraginpeko mendietara antolatutako martxetako seigarrena, azkena, Jarindo mendira (Arlaban) igoko da larunbat honetan, urriaren 16an. Astebete beranduago manifestazio handia egingo dute Gasteizen.

Cantoblanco menditik igaro ostean, Arlaban eta Gasteizera bidea hartu zuen proiektu eolikoen aurkako protestak. Izan ere, datozen asteburuetan bi hitzordu proposatu ditu Arabako Mendiak Aske plataformak: urriaren 16an, Babestu maite duzun mendia dinamikaren seigarren eta azken mendi martxa izango da, Jarindo mendian (Arlaban); urriaren 23an, berriz, gure lurraldean martxan diren makroproiektuen aurka Araba Bizirik plataformak deitutako manifestazioa izango da Gasteizen.

Arabako mendietan martxan dauden proiektu eolikoen eraginpeko ondare naturala ezagutarazteko helburuarekin, udan zehar hainbat martxa egin dituzte: Iturrietako Mendiak, Arkamu, Labraza, Azazeta eta Cantoblanco. Horrez gain, manifestazioak, alegazioen sinadura bilketa eta bestelako protestak antolatu ditu Mendiak Askek azken hilabeteetan.

Proiektu eoliko horien aurkako mugimenduak, gainera, hainbat garaipen lortu ditu: Arkamu eta Iturrietako proiektuak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak; besteak, ordea, aurrera doaz —oraingoz, Azazeta, Labraza, Cantoblanco eta Jarindo—. Egoera berrian, "biodibertsitatea babestuko duen ingurumen-politika bat adostea" eskatu dute.

Tontorreraino, lau ibilbide

Testuinguru horretan, larunbatean Jarindo mendiaren tontorreraino eramango dute protesta. Oraingoan, lau irteera-puntu izango dira:

  • Aramaioko pilotalekutik: 9:00etan, 21 kilometroko ibilbidea (joan-etorria), 750 metroko desnibelarekin.
  • Marixeka ermitatik: 10:30ean, 5,5 kilometroko ibilbidea (joan-etorria), 300 metroko desnibelarekin.
  • Legutioko pilotalekutik: 10:00etan, 11 kilometroko ibilbidea (joan-etorria), 350 metroko desnibelarekin.
  • Leintz Gatzaga plazatik: 9:30ean, 11,5 kilometroko ibilbidea (joan-etorria), 500 metroko desnibelarekin.

Lau ibilbideek bat egingo dute Jarindo mendiaren gailurrean, eta bertan irakurketa bat egingo da. Gainera, aurreko bost martxetan lekuko gisa erabilitako makila Araba Bizirik plataformaren ordezkarien esku geldituko da, urriaren 23an Gasteizen egingo den manifestaziora begira.

Iturrietako haize-neurgailua

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Arkamu eta Iturrietako zentral eolikoari uko egin diola jakin ostean, Arraia-Maeztuko EH Bilduk Iturrietako Mendietan dagoen haize-neurgailua kentzeko eskatu du, datozen asteetan osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bitartez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago