Arlaban eta Gasteizera bidea hartu du proiektu eolikoen aurkako protestak

Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 09:00

Protesta Cantoblanco mendiko tontorreraino eraman zuten. / ARABAKO MENDIAK ASKE

Cantoblanco menditik igaro da proiektu eolikoen aurka Arabako Mendiak Askek antolatutako bosgarren martxa. Hurrengoa, azkena, Jarindo mendira (Arlaban) igoko da, eta zortzi hitzaldirekin berotuko dute urriaren 23ko manifestazioa.

Hamaika urteren ostean —2010ean beste proiektu baten eraginpean izan zen—, Cantoblanco mendiko tontorrera (1.006 metro - Añana) itzuli zen Arabako Mendiak Aske joan den asteburuan, bertan jartzekoa den zentral eolikoaren proiektuaren aurrean protesta egiteko, ondare naturala ezagutaraziz eta defendatuz. Ehun mendizale inguru bildu zituen mendi martxak; Gesaltza Añanatik abiatuta.

Hain zuzen ere, martxoan sortutako Euskal Haizie enpresa pribatuak zentral eoliko bat eraiki nahi du bertan. Aixeindarren bost proiektuez gain, lurraldeko seigarrena izango litzateke ekimen pribatuko hau, eta, momentuz, haize neurketak egiteko izapidetze fasean murgilduta dago; Añanako Kuadrilla, gainera, Arkamu mendilerroan proiektatutako beste zentralaren eraginpean dago.

Cantoblancora igo eta Gesaltza Añanara jaitsi ondoren, ekitaldi bat egin zuten herriko plazan, planteatutako "megaproiektu industrialek" Añanako Kuadrillaren etorkizunean izan ditzaketen ondorioak salatuz.

Besteak beste, inguruko herrientzako inpaktu akustikoa, paisaia zein turismo inpaktua, eta diapiroan izan ditzakeen eraginak nabarmendu zituzten.

Plataformak aipatutako albo-ondorio larrienetako bat, gainera, Gatz Haranaren etorkizuna da. "Gatz Harana ezin da existitu diapirorik gabe. Hori guztia, tokiko biodibertsitatearen gaineko ingurumen inpaktuari gehituta, bereziki hegaztiei dagokienez", adierazi zuten, energia eredua aldatzeko beharra berretsiz. Mendiak Askeren ustez, horrek guztiak Gizateriaren Kultura Ondare izendatzeko aukera ere arriskuan jar dezake, Unescoren eskakizunei erreparatuz gero.

Gainera, parke eolikoko dorreek 200 metroko altuera izango lukete, eta instalazioa eraikitzeko burdina, zementu, ibilgailu astunen presentzia eta zulaketa kopuru handiak izango lirateke.

Ekitaldia Gesaltzako plazan. / ARABAKO MENDIAK ASKE

 

Hurrengo martxa, Arlabanera

Lekuko funtzioa betetzen ari den makila Aramaioko ordezkarien eskuetara pasa zen, urriaren 16an lurraldeko proiektu eolikoen aurkako hurrengo martxa —seigarrena eta azkena— Jarindo (895 metro - Arlaban) mendira igoko da eta.

Udan zehar, Iturrietako Mendietatik —uztailaren 3an—, Arkamutik —uztailaren 24an—, Labrazatik —abuztuaren 14an— eta Azazetatik —irailaren 11n— igaro da Babestu maite duzun mendia dinamika. Larunbatean, irailaren 25ean, Añanara eraman nahi izan dute Araban martxan dauden proiektu eolikoen aurkako bosgarren martxa.

Urriaren 23an, manifestazioa

Arabako Mendiak Aske plataformak sei ibilbide herrikoi antolatuko ditu, proiektu eolikoen eraginpean dagoen ondare naturala ezagutarazteko eta urriaren 23rako Gasteizen deitutako manifestaziora begira indarrak batzeko asmoz. Araba Bizirik plataformak deitutako manifestazioa 18:30ean abiatuko da Bilbo plazatik, Lurra defendatuko dugu lelopean.

Makroproiektuen aurkako lau mugimenduk osatzen dute Araba Bizirik: AHTrik Ez plataforma —Abiadura Handiko Trenaren aurkakoa eta gaur egungo trenbide sareak erabiltzearen aldekoa—, Arabako Mendiak Aske —lurraldeko mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkakoa—, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua —negutegi erraldoien aurkakoa eta elikadura sistema jasangarrien aldekoa— eta Proiektu Honi Ez —Solariak Duran eraiki nahi duen parke fotovoltaiko erraldoiaren aurkakoa—.

Aurretik, zortzi hitzaldi

Manifestaziora begira, irailaren 24tik urriaren 23ra bitartean, Araba Bizirik plataformak hitzaldi sorta bat antolatu du. Guztira, zortzi solasaldi izango dira, eta lehenengoa —Aroztegia: amaren etxea defendatuko dut— joan den ostiralean izan zen Aguraingo Gaztetxean, Gorka Laurnagaren eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago