Baionako epaitegiak Igor Uriarte ez zigortzea erabaki du

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 17:40

Igor Uriarte 2020ko urrian, Baionako espetxea atzean uzten. / Argazkia: Maite Ubiria (NAIZ)

Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko debekua urratzeagatik erruduntzat jo badu ere, epaileak Igor Uriarte preso ohi arabarra ez zigortzea erabaki du. Maiatzean debeku hori bertan behara utzi zuen Parisko Auzitegi Korrekzionalak.

BERRIA egunkariak argitaratu duenez, Igor Uriarte Lopez de Vicuña Txopo preso ohi gasteiztarrak gaur izan du auzi saioa Baionako epaitegian. Uriarte errudun izendatu badu ere, ez zigortzea erabaki du epaileak.

Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko debekua urratzeagatik, gasteiztarra 2020ko urriaren 6an atxilotu zuen Frantziako Poliziak errepide kontrol batean, Ziburun (Lapurdi); handik bi egunera aske gelditu zen, baina Urruñara —bere bizitokia— itzultzeko edo Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukera ukatu zion epaileak, eta Gasteizera itzuli zen Uriarte.

Maiatzean, baina, lurralde debeku hori bertan behera uztea erabaki zuen Parisko Auzitegi Korrekzionalak, terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren oniritziarekin. Orduz geroztik, ebazpena gauzatzeko izapideak egin behar izan ditu auzitegiak, baina bitartean Urruñara itzultzeko aukera izan du gasteiztarrak.

Gaurko, irailaren 21erako, finkatu zen hurrengo hitzordua: Uriarteren defentsak lurralde debekua ez errespetatzeagatik zigorra bertan behera uzteko eskatu du, Baionako epaitegian egin dioten epaiketan. Epaileak erruduntzat jo duen arren —debekua urratu zuelako—, ez zigortzea onartu du —gaur egun egoerak ez duelako arau-hausterik sortzen—.

Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariak Maritxu Paulus Basurco abokatuaren hitzetatik jaso duenez, hiru baldintza bete izanak ahalbidetu du epailearen gaurko erabakia: auzipetua "bergizarteratua" izatea, egindako kaltea "konpondua" izatea eta ordena publikoari eragindako "traba" bukatua izatea. Abokatuak "berri biziki ona" dela adierazi du.

Preso ohia

Uriarte Urruñan bizi izan da azken urteetan, nekazari lanetan bere ustiategi propioan. Aurretik, 2013an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta, bost urtez hainbat espetxetan preso egon ostean, 2018ko martxoan aske gelditu zen. 2017ko irailean epaitu zuten Uriarte, beste bost presorekin batera, ETAko kide izateagatik; sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago