Igor Uriarte preso ohi arabarra atxilotu dute Urruñan

Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 20:46

Igor Uriarte 2018ko martxoan aske gelditu zen, bost urteko espetxealdiaren ostean. / HALA BEDI

Frantziako poliziak Igor Uriarte Lopez de Vicuña preso ohi arabarra atxilotu du asteartean Urruñan (Lapurdi). "Frantziako lurraldean sartzeko debekua" jakinarazi diote, eta bertatik kanporatuko dute.

Asteazkeneko 11:00etan prokuradorearen aurretik pasa ostean, osteguneko 14:00etan epailearen esku geratuko da Uriarte. Bitartean, epaiketa egin aurretik, espetxean itxaron beharko du.

Momentuz, Frantziako estatuan egoteko debekua eta kanporatze-agindua jakinarazi diote. Espainiako agentziek jakitera eman dutenez, atxiloketak ez du zerikusirik astelehenean 2019ko ekainean Arraia-Maeztun topatutako zulo batekin lotuta Gipuzkoan egindako operazioarekin.

Ostegun honetan, urriaren 8an, elkarretaratze bat deitu du Sortuk, Errepresiorik ez! Txopo Euskal Herrian aske! lelopean; 19:00etan izango da Andre Maria Zuriaren plazan.

Egun, Uriartek ez du auzirik Espainiako estatuan, eta, beraz, atxiloketak "Frantziako lurraldea ez zapaltzeko zigor osagarria" tramitatzeko helburua izango luke.

Preso ohia

Igor Uriarte 'Txopo' arabarra 2013an atxilotu zuen Frantziako poliziak. 2018ko martxoan aske gelditu zen, bost urte inguru Frantzian preso egon ostean. 2017ko irailean epaitu zuten Uriarte, beste bost presorekin batera, ETAko kide izateagatik; sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago