Igor Uriarte libre geratu da eta urtebete izango du bere egoera legeztatzeko

Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 16:00

Igor Uriartek Baionako espetxea atzean utzi duen unea. / @Maite_Ubiria (NAIZ)

Aske gelditu da Igor Uriarte preso ohi arabarra; asteartean atxilotu zuten Urruñan, Frantziako lurraldean egotea debekatzeko agindu batengatik. 2021eko irailera arteko epea eman dio auzitegiak Ipar Euskal Herritik kanpo bere egoera legeztatzeko.

Igor Uriarte gasteiztarra ez dute Frantziako estatutik kanporatuko, baina ezingo da, oraingoz, Urruñara (Lapurdi) itzuli, ezta Ipar Euskal Herrian bizi ere. Izan ere, bertan bizi izan da azken aldian, nekazari lanetan bere ustiategi propioan; eta, horretarako, administrazio frantsesaren baimena izan du.

Bost urtez hainbat espetxetan preso egon ostean, 2018ko martxoan aske gelditu zen, baina, astearte honetan, Frantziako poliziak atxilotu zuen Urruñan, Frantziako lurraldean sartzeko debeku baten harira.

Asteazkeneko 11:00etan prokuradorearen aurretik pasa ostean, ostegunean epaiketa iritsi da, baina, bitartean, Uriartek Baionako espetxean itxaron behar izan du. Elodie Goyard prokuradoreak auziaren inguruko erabakia atzeratzea eskatu du; hortaz, Uriartek urtebeteko epea izan du Gobernuari Frantziako lurraldetik kanporatzeko agindua bertan behera utz dezala eskatzeko.

2021eko irailera arteko epea izango du bere egoera erregularizatu ahal izateko; tramite zaila da, eta Uriarte nahiko egoera konplexuan utziko du. Izan ere, besteak beste, momentuz ez du Ipar Euskal Herrian bizitzen jarraitzeko baimenik izango.

Ostegun honetan, urriaren 8an, elkarretaratze bat deitu du Sortuk, Errepresiorik ez! Txopo Euskal Herrian aske! lelopean; 19:00etan izango da Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Preso ohia

Igor Uriarte 'Txopo' arabarra 2013an atxilotu zuen Frantziako poliziak. 2018ko martxoan aske gelditu zen, bost urte inguru Frantzian preso egon ostean. 2017ko irailean epaitu zuten Uriarte, beste bost presorekin batera, ETAko kide izateagatik; sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago