Cantoblancora igoko da proiektu eolikoen aurkako bosgarren martxa

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 10:00
Añanako ordezkariak lekukoa jasotzen, Azazetako martxan. / ARABAKO MENDIAK ASKE

Irailaren 25ean, proiektu eolikoen aurkako bosgarren martxa egingo du Arabako Mendiak Askek, Cantoblanco mendira (Añana). Gainera, urriaren 23ko manifestaziora begira, zortzi hitzaldi antolatu ditu plataformak hilabete osoan zehar.

Udan zehar, Iturrietako Mendietatik —uztailaren 3an—, Arkamutik —uztailaren 24an—, Labrazatik —abuztuaren 14an— eta Azazetatik —irailaren 11n— igaro da Babestu maite duzun mendia dinamika. Larunbat honetan, irailaren 25ean, Añanara eramango dute Araban martxan dauden proiektu eolikoen aurkako bosgarren martxa. Izan ere, Arabako Mendiak Aske plataformak sei ibilbide herrikoi antolatuko ditu, proiektu horien eraginpean dagoen ondare naturala ezagutarazteko eta urriaren 23rako Gasteizen deitutako manifestaziora begira indarrak batzeko asmoz.

Oraingoan, Cantoblanco mendiaren (1.006 metro) txanda izango da; hain zuzen ere, martxoan sortutako Euskal Haizie enpresa pribatuak zentral eoliko bat eraiki nahi du bertan. Aixeindarren bost proiektuez gain, seigarrena izango litzateke ekimen pribatuko hau, eta, momentuz, haize neurketak egiteko izapidetze fasean murgilduta dago; Añanako Kuadrilla, gainera, Arkamu mendilerroan proiektatutako beste zentralaren eraginpean dago.

"Horrelako erabakiek Añanako eskualde osoaren etorkizuna arriskuan" jartzen dutela salatu nahi du Mendiak Askek larunbateko martxarekin. "Arkamuko KBEa eta bertan ematen den biodibertsitatearen ingurune naturala, elikadura eta habi-eremuak arriskuan jarriko dituzte", plataformaren arabera.

Basquiñuelas, Arbigano, Pobes, Axkoeta, Subilla Morillas, Ormijana, Artatza, Barron, Atiega eta Gesaltza Añanako herrien "bizimodua eta bizi kalitatea kolokan" jarriko dela deritzote, besteak beste, proiektuek eragindako kutsadura akustikoa dela eta. "Despopulazioa da enpresa horiek uzten duten etorkizuneko aukera bakarra; berriro ikusten dugu nola enpresa horiek ehunka familia eta landa gunearen etorkizuna arriskuan jartzen duten, agintarien oniritziarekin", salatu dute.

Gatz Haranaren etorkizuna

Plataformak aipatu duen albo-ondorioetako beste bat Gatz Haranaren etorkizuna da. Izan ere, 2019an 96.000 lagunek bisitatutako gatzaga horrek elikatzen dituen gatz-iturburuen emaria segundoko bi litrokoa da, ur kantitate oso txikia: "Hain txikia denez, edozein aldaketa geologikok eragin dezake emari hori desagertzea, baita akuiferoaren edozein kutsadurak ere; ur hori erabilezin izatea eragin dezake, gatza gizakiek kontsumitzeko erabiltzen baita", ohartarazi dute. Horrek, Mendiak Askeren ustez, Gizateriaren Kultura Ondare izendatzeko aukera ere arriskuan jar dezake, Unescoren eskakizunei erreparatuz gero.

Gainera, parke eolikoko dorreek 200 metroko altuera izango lukete, eta instalazioa eraikitzeko burdina, zementu, ibilgailu astunen presentzia eta zulaketa kopuru handiak izango lirateke.

Gesaltza Añanatik, 12 kilometro

Aurreko martxek bi irteera-puntu izan dituzten arren, oraingoan bakarra izango da: 09:30ean abiatuko da Gesaltza Añanatik, sei kilometro egingo ditu Cantoblanco mendiko gailurreraino (550 metroko desnibelarekin), eta, ibilbide beretik jaitsita, herrian bertan bukatuko da, 13:00ak aldera, bertan ekitaldia eginez.

Urriaren 23an, manifestazioa

Lekukoa Aramaioko ordezkariek hartuko dute, Arlabango Jarindo mendiaren gailurrean (895 metro) izango baita seigarren eta azken martxa, urriaren 16an. Azken martxa horrekin, lekukoak proiektu eolikoen eraginpean dauden Arabako naturgune guztiak zeharkatuko ditu, Araba Bizirik plataformak urriaren 23rako Gasteizko manifestaziora iritsi bitartean; 18:30ean Gasteizko Bilbo plazatik, Lurra defendatuko dugu lelopean.

Makroproiektuen aurkako lau mugimenduk osatzen dute Araba Bizirik: AHTrik Ez plataforma —Abiadura Handiko Trenaren aurkakoa eta gaur egungo trenbide sareak erabiltzearen aldekoa—, Arabako Mendiak Aske —lurraldeko mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkakoa—, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua —negutegi erraldoien aurkakoa eta elikadura sistema jasangarrien aldekoa— eta Proiektu Honi Ez —Solariak Duran eraiki nahi duen parke fotovoltaiko erraldoiaren aurkakoa—.

Aurretik, zortzi hitzaldi

Manifestaziora begira, irailaren 24tik urriaren 23ra bitartean, Araba Bizirik plataformak hitzaldi sorta bat antolatu du. Guztira, zortzi solasaldi izango dira:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide