Hainbat makroproiekturen aurkako mugimenduek osatzen dute Araba Bizirik plataforma: AHTrik Ez plataforma —Abiadura Handiko Trenaren aurkakoa eta gaur egungo trenbide sareak erabiltzearen aldekoa—, Arabako Mendiak Aske —lurraldeko mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkakoa—, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua —negutegi erraldoien aurkakoa eta elikadura sistema jasangarrien aldekoa— eta Proiektu Honi Ez —Solariak Duran eraiki nahi duen parke fotovoltaiko erraldoiaren aurkakoa—.
Gaur egun abian dauden proiektu horiek gelditzea eta "landa zein natura inguruneak babestea" exijitzeko manifestazio handia deitua dute urriaren 23rako, 18:30ean Gasteizko Bilbo plazatik, Lurra defendatuko dugu lelopean. Astearte honetan, kontzejuen egoera baloratzeko prentsaurrekoa egin dute Arabako Kontzeju Elkartearen egoitzan (Elorriagan).
Arabako naturagune babestuak, arriskuan
Agerraldian gogorarazi dutenez, EAEn dauden naturagune babestuek Araban dute hedadurarik handiena, eta horien kontserbazio baldintza onak, "neurri handi batean", ingurune horiek duten izaera publikoagatik mantendu izan dira urteetan zehar. "Baita lurraldeko herriek landa jardueraren tutoretza, kontserbazio eta oreka mantentzen arrakastaz egin izan duten lanagatik ere", azpimarratu dute.
Hala ere, plataformaren ustez, azpiegitura handiek "ingurune naturalarekiko koexistentzia eta errespetu eredua arrisku larrian jarri dute". Izan ere, proiektu horien eraginpeko eremuetan ondorioak "itzulezinak" izan daitezke biodibertsitatean, paisaian eta baita nekazaritzan zein abeltzaintzan ere.
Kontzejuekiko errespetua
Testuinguru horretan, enpresa handiek Araba osoko kontzejuetan aurkeztu dituzte beren proiektuak. Araba Bizirik plataformak salatu du horrek "presio handia" eragin duela haiengan, eta, gainera, horren aurrean, lurraldeko erakundeak "enpresekin lerrokatu" direla kasu batzuetan, "edota ez du ezertxo ere egin beste batzuetan".
Kontzeju asko proiektu horien aurka agertu dira, eta plataformak erabaki hori publikoki eskertu eta babestu nahi izan du: "Badakigu horrelako proiektuek babesgabetasun sentsazio handia sortzen dutela herrietan, korporazio handiek mahai gainean jartzen dituzten baliabideen aurrean eta Administrazioak toki erakundeak zein lurraldea babesteko erakutsi duen interes faltaren aurrean". Hori dela eta, "laguntza eta elkartasuna" erakutsi diete kontzeju horiei, "haien erabakiak erakunde subirano gisa errespetatuak izan daitezen".
Era berean, Administrazio Publikoari eskatu diote "ez dezala alde batera utzi ingurunea jasaten ari den jazarpenaren eta espoliazio arriskuaren aurrean egin behar duen defentsa lana, eta egin dezala Arabako ingurune naturala eta laborantza lurrak pobretzen ez dituzten alternatiben alde".
Itun sozial bat
"Proiektu horiek ez dituzte errespetatzen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen printzipio gidariak, ezta baliabideen jasangarritasun eta ekonomia irizpideak ere, AHTa bikoizteko proiektuaren kasuan gertatzen den bezala", gaineratu dute plataformako bozeramaileek.
"Kontua ez da soilik Administrazioak berak onartu dituen irizpide arautzaileak aplikatzeko eskatzea, baizik eta azpiegitura edo energia berriztagarrien proiektuen garapenerako benetako itun sozial bat ezartzea, non ingurumenarekin gero eta sentsibilizatuago dagoen gizartearen beharrek eta haren benetako parte hartzeak lekua izango duen".