Aernnovako langile kaleratuak berronartzea exijitu dute, ABLEEa murriztu delako

Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 09:00
Aernnovako langileen protesta Andre Maria Zuriaren plazan, ostiralean. / ELA

Aernnovak Berantevillan duen fabrikako zuzendaritzak ABLEEaren %40 baliogabetu du dagoeneko. Sindikatuek kaleratutako 82 lankideak berronartzea eta negoziatzea eskatu du, balitekeelako urte amaieran espedientearen %50 ere ez garatzea.

Aurtengo otsailaren 1ean, Aernnovako zuzendaritzak iragarritako kaleratzeak gauzatu zituen, EEE baten bitartez. Orduan, ez zen adostasunik lortu enpresaren egoerari aurre egiteko neurrien inguruan: zuzendaritzak 82 langile kaleratzea aukeratu zuen —"Covid-19aren krisi koiunturala eta administrazioen arduragabekeria baliatuz", sindikatuen arabera—; enpresa batzordeak, ordea, neurri traumatikoak saihestea eskatu zuen.

Apirilean, EEEa eta kaleratzeak berretsi zituen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta 446 langile izatetik 364 izatera igaro zen Berantevillako plantilla. Geratu zirenei Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) ezarri zien zuzendaritzak; horren arabera, enpresaren egoerak urteko lanaldia 69 egun murriztea eskatuko luke.

Zazpi hilabete igaro dira ordutik, baina, enpresa batzordeko ELA, LAB, USO eta CGT sindikatuek ohartarazi dutenez, ABLEEaren egutegia murrizten joan da —%40 dagoeneko, eta urte amaieran %50 izan liteke—, "garai hartan azaldutako ekoizpen premien oso bestelakoak diren premiei erantzun ahal izateko".

Aste honetan, azarora arteko ABLEE egun guztiak ere bertan behera utziko dituela iragarri du zuzendaritzak —hau da, iraila eta urrikoak—, ekainean eta uztailean egin zuen bezalaxe; gainera, azaroan eta abenduan zer gertatuko den ikustea falta da.

"Puztutako ABLEEa"

Enpresa batzordeak "kontratuak zapuzteko trikimailu" gisa definitu du pandemia betean aplikatutako EEEa, eta 2015ean egin nahi izan zuen plantilla murrizketa egiten aritzea leporatu dio zuzendaritzari.

"Langileria murrizteko borondateak ezin du osasun eta ekonomia krisi honetan argudioa aurkitu. Aernnovako egoerak ez zuen kaleratzerik (EEE) eskatzen, ezta lanaldia aldi baterako etetea eskatzen ere; ABLEEa puztuta zegoen eta kaleratzeak saihesteko formula bat izan zitekeen", salatu dute langileek.

"Aukera hori fikziozkoa da, eta okupazio faltaren arazoa aireztatu zutena baino askoz ere txikiagoa da. Orain argi eta garbi ikus daiteke hori. Eta, horregatik, berriro eskatzen diogu enpresari kaleratutako lankideak berriz kontratatzeko, eta benetako negoziazioari ekingo diogu egoera horri aurre egiteko", adierazi dute sindikatuek.

Bide judiziala

Egoera berri honen aurrean, enpresa batzordeak agerraldi bat eskatu du Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordean, "egoeraren berri emateko eta jarrera aktiboa hartzeko, EEEa kentzeko (orain, bide judizialean) eta lankideak beren lanpostuetan sartzeko eskatuz".

Sindikatuen ustez, "Eusko Jaurlaritzak ezin du geldirik egon eta beste alde batera begiratu, gai honetan arduraz jokatu behar du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide