Iritsi da eguna: Aernnovako 82 langile kalean gelditu dira

Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 11:00

Aernnovako langileen prentsaurrekoa, astelehen honetan. / ALEA

Urtarrileko bederatzi greba egunen ostean, iritsi da egutegian gorriz markatutako eguna: Aernnovako 82 langile kalean geratu dira gaur. Kaleratze-gutunak erre eta kaleratzeen aurkako urrats gehiago iragarri dituzte.

Kaleratzeak salatzeko, Aernnovako langileek bederatzi greba egun egin dituzte urtarrilean zehar: 7an egin zuten lehena, eta, ondoren, 12an, 14an, 18an, 20an, 22an, 25ean, 27an eta 29an izan ziren hurrengo lanuzteak. Tartean, Los Angeles elizan itxialdi bat egin dute hilaren 12tik 18ra, kaleratzeen aurka protesta egiteko eta eragile politiko, sozial eta sindikalekin biltzeko.

82 langile kalean

Baina, azkenean, iritsi da otsailaren 1a: Aernnovak Berantevillan duen fabrikako 82 langile kalean geratu dira, 450 langilek osatutako plantilla osoaren %20 inguru: 55 kaleratze, 14 aurrejubilazio —ordainsari gordinaren %65 jasoko dute eta borondatezko 13 baja pizgarriekin.

Enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) aukera mahai gainean jarri zenetik iragarri zuen bezala, enpresa batzordeak ohartarazi du ez du kaleratzerik onartuko, eta protesta dinamikarekin jarraitzea erabaki du, "gehiegikeria" gisa definitu dutenari aurre egiteko.

Izan ere, langileen ustez, enpresak bizi duen "egoera koiunturala da, eta ez egiturazkoa"; beraz, kaleratzeak bezalako "neurri traumatikoak" baztertzea eskatu diote zuzendaritzari.

Kaleratuen esker mezua

"Aernnovan ez dago inor soberan", oihukatu dute etengabe Andre Maria Zuriaren plazan bildutako langile, langile ohi eta solidarioek. Bertan, nahitaez kaleratutako 55 langileek mezu bat helarazi diote Arabako jendarteari eta, bereziki, ondoan izan dituzten kideei: "Eskerrak gainerako lankideei egun bitxi hauetan erakutsi duten jarrera eta arnasagatik; eskerrak enpresa batzordeko lankideei, une oro dena eman dutelako, eta akitu arte inplikatu direlako egin den bidegabekeria salatzen".

"Argi eta garbi geratu da enpresak ez duela kontuan hartu batzordeak aurkeztutako alternatiba ez traumatiko bakar bat ere. Bere ideia bakarra 55 pertsona modu indiskriminatuan kaleratzea baitzen", kritikatu dute. "Nabarmentzekoak dira enpresaren fede txarra eta moduak, baita kaleratzeen zerrenda ateratzeko datak ere; abenduaren 31ko goizean helarazi zitzaion batzordeari, eta gure lankideei egokitu zitzaien albiste txarra guri helaraztea".

Azkenik, Aernnova "arabar guztion diru publikoaz baliatu den enpresa" dela kritikatu dute. "Hala ere, kaleratzeekin aurrera egin du, etekin izugarriak izaten jarraitzeko eta lanpostuei eusteko konpromisorik izan gabe". Ildo horretan, "erakundeen inplikazio falta" salatu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago