Azkenik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Aretoak atzera bota ditu ELA, LAB eta USO sindikatuen zein Aernnovako enpresa batzordearen eskariak, eta adierazi du Berantevillako fabrikako 55 langileren kaleratze kolektiboa "zuzenbidearen araberakoa" dela. Hortaz, ontzat eman ditu zuzendaritzaren argudioak EEEa justifikatzeko, sektore aeronautikoko "egiturazko krisia" dela eta.
Kaleratze kolektibo hori enpresaren egoerarekiko neurri "arrazionala eta proportzionala" dela uste du epaitegiak, "zoritxarreko lan sakrifizioa" dela onartu duen arren. Halaber, epailearen aburuz, EEEan ez da ematen auzi-jartzaileek salatutako "arau-hauste juridikorik". Gainera, prozedura "egokia eta arautua" garatu dela, kontsulta-aldia "egokia" izan dela eta "negoziazioan fede ona" erakutsi dela baloratu du auzitegiak.
"Ez da hautespen-irizpiderik ezta oinarrizko eskubiderik urratu", ondorioztatu du EAEko Auzitegi Nagusiak; hau da, bere ustez, ez da grebarako eskubideari, balizko diskriminazio bati edo pandemiaren ondoriozko egoerari buruzko irizpiderik baliatu kaleratzeak gauzatzeko.
Helegitea
Epaia errekurritu daiteke oraindik, eta helegitea jarriko du ELA sindikatuak. Izan ere, sindikatuek hasieratik defendatu dute sektore aeronautikoaren krisia "koiunturala" dela, eta kaleratzerik gabeko "neurri ez-traumatikoak" aldarrikatu dituzte.
"Biziki deitoratzen dugu aretoaren erabakia enpresak egindako kaleratzeak homologatzea izan dela, multinazionalaren argudioak bere eginez, eta 2019an, pandemiaren aurreko urtean, taldeak 38,88 milioi euro irabazi zituela kontuan hartu gabe", kritikatu du ELAk.
Horrekin batera, mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi du sindikatuak: "Horrelako epaiek agerian uzten dute langileentzako biderik bermatzaileena borroka sindikala dela, eta greba dela gure lanpostuak babesteko tresnarik eraginkorrena".