Oporraldiaren ostean, iraila ezin okerrago iritsi da Mercedesek Gasteizen duen fabrikara. Aste honetan ekoizpena erabat gelditu behar izan du Asiatik inportatutako erdieroaleen hornikuntza falta dela eta; ostiraletik aurrera, malgutasuna ahalbidetzeko hitzarmenean jasotako ordu-poltsa agortuta, indarrean sartuko da zuzendaritzak enpresa batzordearen gehiengoarekin adostutako ABLEEa —30 eguneko malgutasuna izateko abenduaren 31ra bitartean—.
Hori gutxi balitz, larriagotzen ari den mikrotxipen krisiaren ondorioz, datorren asteko egun guztietan berriro etengo du ekoizpena, irailaren 6tik 10era; bost egunetan eta hiru txandetan. Hortaz, berriz ere etxean gelditu beharko dira Gasteizko lantegian lan egiten duten 5.000 langile inguru. Bost egun horiek kontuan hartuta, jarduerarik gabeko egunak 22 izango dira 2021ean, gutxienez.
Etenaldi berri horren eraginez, datorren astean 3.600 furgoneta inguru ekoizteari utziko dio Gasteizko lantegiak; aste honetan 2.840 bat gutxiago izan dira. Horrela, eguneratutako aurreikuspenen arabera, 134.561 furgoneta ekoitziko lirateke 2021ean, uztailaren 1ean egindako aurreikuspenean urte osorako zehaztutako 141.001 unitateen ordez —6.440 gutxiago dira—.
Beraz, ekoizpenari irailaren 13an berrekitea espero du zuzendaritzak, baina egoeraren ziurgabetasuna dela eta, datozen hilabeteetan enpresak astero aztertuko du ekoizpena gelditu behar ote duen. Ekoizpena gelditzen den egunetan, soldataren %80 jasoko dute langileek.