Euskal gizonezkoen Y kromosoma Neolitoan bereizi zen

Juanma Gallego 2021ko abu. 3a, 13:27

Y kromosomaren aldaera bat Neolitoan agertu zela uste dute. ALEA

EHUko ikertzaileek argitu dute noiz bereizi zen Euskal Autonomia Erkidegoko gizonezko gehienek duten Y kromosomaren aldaera zehatz bat: Brontze Aroan izan zen. Datuak bat datoz garai horretan gizonezkoen populazio baten ordezkapena iradokitzen duten beste zenbait ikerketarekin.

EHUko BIOMICs taldeko ikertzaileek Y kromosomaren R-S116 izeneko aldaera duela 4.500 urte bereizi egin zela argitu dute. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan aldaera hori duten gizonezkoen genoma aztertu dute, eta estatistikara jo dute mutazio desberdinak noiz gertatu ziren argitu aldera. Horrela, aurkitu dute EAEko gizonezkoen artean bereziki ohikoa den aldaera hori Brontze Aroan agertu zela. Scientific Reports aldizkarian bildu dituzte datuak eta azalpenak.

Marian Martinez de Pancorbo ikertzaileak azaldu duenez, Y kromosoma "aitarengandik semeengana baino ez da transmititzen, eta aita lerroko leinu markatzailea da". Horregatik, populazioaren bilakaeraren jarraipena egiteko aukera ematen duela gaineratu du. 

Emakumezkoen kasuan, informazio genetikoaren transmisioa DNA mitokondrialaren bitartez izaten da, era horrek ematen du aukera bereizteko sexuen arabera izan den bilakaera. Bada, EAEko emakumeen kasuan, informazio genetiko hori zaharragoa da, eta Paleolitotik dator. Gizonezkoen kasuan, baina, datuek adierazten dute Neolitoan marka genetiko berria agertu zela, eta, hori azaldu nahian, zenbait zientzialarik proposatu dute agian hori Europa Erdialdetik etorritako populazio berriei zor zitzaiela. 

Arazoa da populazioan izandako aldaketa horren marka genetikoa gizonezkoetan baino ez dela aurkitu, eta, horregatik, ordezkapen hori bortizkerian oinarritu zela proposatu izan da. Hitz gutxitan esanda, Erdialdeko Europatik etorritako inbaditzaileek penintsulako gizonezkoak akabatu zituzten, baina ez emakumezkoak. Euskal Herriaren kasuan, katramila historiko hori guztiari ere gehitu zaio euskararen eta hizkuntza indoeuroparren afera.     

Marian Martinez de Pancorbok hipotesi hori aipatu duen arren, zientzialariak beste aukera bat mahai gainean jarri du: baliteke aldaera hori dutenek ugalkortasun gehiago edo seme mutilak izateko probabilitate gehiago izatea, baina, onartu duenez, hori ikerketa berriekin argitu beharko litzateke. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago