EHU-ko DNA BANKUA

Zaindu behar den altxorrak gene du izena

Juanma Gallego 2019ko abe. 13a, 06:05

Lagin gehienak tenperatura baxuetan mantendu behar dituzte, iraun dezaten. / J.G.

SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek kudeatuta, Gasteizko Lascaray ikergunean dago EHUko DNA bankua. Zientzialariek haien ikerketetarako behar dituzten DNA laginak biltzen dira bertan. Biziaren sekretuak argitzeko bidea errazten dute genoma puska horiek.

ATGC. Horiek dira, funtsean, den-dena antolatzen duten gakoak. Hizki horien arteko konbinaketek zehazten dute bizirik dagoen guztia nolakoa izan behar den. Bakterio txikienetatik hasita eta Lurra inoiz zapaldu duten animaliarik handienetara, horiek guztiek izan dituzte —eta badituzte— haien zelula guztien erraietan lau hizkirekin osatutako gakoak. Adenina, timina, guanina eta zitosina izeneko molekulak daude hizki horien atzean. Zehatzak izan nahi badugu, azido desoxirribonukleikoaren osaketan parte hartzen duten base nitrogenatuak direla esan beharra dago. Baina haien garrantziaren jabe izateko, genomaren adreiluak direla esatearekin nahikoa zaigu. Adreilu horietan oinarrituta, RNA molekularen bitartez eramaten da informazioa zeluletara, bertan beharrezkoak diren proteinak sortzeko. Bizitzaren dantza, hein handi batean, horretan abiatzen da.

Genomaren inguruko ezagutza edukitzeak izugarrizko abantaila ekarri dio gizateriari, eta egunero egunero ezagutza horrek bizitzak hobetzen eta salbatzen ditu. Etorkizunean irekitzen diren aukerak are izugarriagoak dira. Horregatik, material genetikoa gordetzea eta zaintzea ezinbestekoa da, bai orain egiten diren ikerketak zein etorkizunean egingo direnak burutu egin ahal izateko.

Gurean, eta ikerketari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko DNA bankua da erreferentzia nagusia. Gasteizen kokatuta, EHUko SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek kudeatzen dute azpiegitura. Maite Alvarez biokimikariak du bankua zaintzeko eta kudeatzeko ardura, eta bertako zirrikitu guztiak ondo ezagutzen ditu. Leku batetik bestera aise mugitzen da, baina, bertako nagusia izanda ere, bada gela bat non sartzeko aukerarik ez duen. Sarrera mugatua - DNAa agertzen da idatzita atean. "DNAa horrek antzinako DNA esan nahi du. Historiaurreko hezurretako laginak aztertu ohi dituzte gela horretan, eta lagin horiek erraz kutsa litezke. Beraz, ikerketa horretan ari diren ikertzaileak baino ezin dira sartu aretoan", azaldu du Alvarezek. Hezurrei dagokienez, historiaurreaz gain, azken urteetan EHUko BIOMICs taldekoak batez ere memoria historikoaren inguruko ikerketekin dabiltzala gaineratu du biokimikariak.

Protokolo estuak

Ulertzekoa da kontuz ibiltzeko arreta hori. Izan ere, DNA aise zabaltzen da, eta protokolo txarrekin egindako ikerketa batek guztiz honda dezake genomaren azterketan oinarritutako aurkikuntza potentzial bat. Horregatik, gero eta gehiago, hainbat aztarnategitan arkeologoek eskularruekin, maskararekin, txanoekin eta jantzi bereziekin ari dira, aztarnategi horretan antzinako DNAren zantzuak egon daitezkeen susmoa dagoen kasuetan bederen.

Bankuan ere protokolo zuhurrak jarraitu behar dituzte, ibilbide zehatz baten arabera. "Laborategi hauetan lehen prozesatzeak egiten dira, eta, lagin motaren arabera, gero dagokion laborategira joango da. Baina lagin horren norabideak bakarra izan behar du. Behin hemendik aterata, ez da bueltatzen", argitu du adituak.

Prozesatze laborategiak ezagutu ondoren, bankuan bertan sartzeko ordua da. Hondoko soinua berezia dago gelan: etengabeko elikatze-iturriek sortutakoa da. Argindarrak huts eginez gero, laginak hondatu ez daitezen beharrezkoak dira segurtasun sistema horiek. Lehen itxura batean bederen, bankua ez da oso handia, baina jakina DNA txikia dela. Bertan 5.000 lagin inguru gordetzen dituzte. DNA motaren arabera, tenperatura desberdin batean kontserbatzen dute, eta, horregatik, hozkailu desberdinak dituzte. Batzuk giro-tenperaturan gorde badaitezke ere, gehienak -20 °C-ra daude gordeta, eta beste batzuk -150 °C-ra. Tenperaturez gain, gaika ere antolatuta daude, baina antolaketa hori ikerketa lerroen araberakoa da: laktosa, Gerra Zibila, populazioak, animaliak…

Ikerketa horietan dabil bereziki BIOMICs taldeko ikertzaile nagusi Marian Martinez de Pancorbok zuzentzen duen taldea. Biologia Zelularreko katedraduna, DNA bankuaren aholkularia da, eta lotura estua du azpiegiturarekin. Horrelako tresna bat edukitzeak ikertzaileei suposatzen dien abantaila nabarmendu du Martinez de Pancorbok. "Pentsa, ikertzaile batek urtebete edo urte gehiago eman ditzake bere ikerketa lanetarako laginak hartzen. Baina horiek aurretik bilduta badaude biobanku batean, hilabete bat nahikoa izango da horiek lortzeko". Kasu horretan, ikertzaileak eskaera bat egin behar du, laginak zertan erabiliko dituen azalduz, eta bioetika batzorde baten bermea erantsi. Laginen jatorriaren arabera, ordea, desberdina da prozesua. "Berez, biobanku bera eta ikerketa taldeek jasotzen dituzten bildumak bereizi behar ditugu. Biobankuaren kasuan, lagin horiek beste ikertzaile bati utzi ahal zaizkio, beti ere irizpide etikoen babesean. Ikerketa taldeek jasotako bildumen kasuan, berriz, horiek ezin dira utzi. Soilik ikerketa taldeen arteko kolaborazioan erabil daitezke. Giza-laginak direnean, lagin hori eman zuten lagunek sinatutako baimen informatuan adierazi zituzten arloetan besterik ezin dira erabili".

Bat-bateko emaitzak

Laginen sarrera eta irteera ez ezik, den-dena oso zainduta dagoela erantsi du Maite Alvarezek. "Informazio guztia giltzapean dago, alarmarekin, eta suaren aurkako armairuetan gordeta. Leku batean, onarpenak daude, datu pertsonalekin; eta, beste leku batean, galdetegiak. Horietan jasotzen dira norberaren leinua, jaiolekua, osasun aurrekariak, bizi-ohiturak eta abarrekoak".

Materiala biltzeaz gain, bankuan genomikari lotutako bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta horietako batean ari zen Alvarez ALEAren bisita jaso duenean. Ordenagailuaren pantailan azaltzen dira gora eta behera doazen marra koloredunak. Horiek lortzeko, aurretik, lagina duen xafla txiki bat sartu du alboko makina batean. Argi berezi baten bitartez, DNA zati guztiak identifikatzeko gai da tramankulua. "Beitu, hemen aldaera bat dago. Adenina bat eta guanina bat, bata bestearen alboan. Tira, nik datu gordinak besterik ez ditut ikusten, eta ez dakit norena den DNA hau. Baina gizaki baten DNA izango balitz, hau polimorfismo baten adierazle izan zitekeen", azaldu du Alvarezek pantaila batean biziaren sekretuak ikusteko gaitasunak ematen duen ziurtasunarekin.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago