Arkamu mendilerrora eramango dute proiektu eolikoen aurkako protesta

Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 11:00
Iturrietako Mendietara egin zuten lehen martxa, uztailaren 3an. / MENDIAK ASKE

Arabako Mendiak Aske plataformak proiektu eolikoen eraginpeko mendietara antolatutako sei martxetako bigarrena uztailaren 24an izango da. Axkoeta (Erriberagoitia) eta Jokanotik (Kuartango) igoko dira Arkamu mendilerroko Montemayor mendira.

Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan, Arabako Mendiak Aske plataformak sei ibilbide herrikoi antolatuko ditu urrira bitartean. Lehenbizikoa uztailaren 3an egin zuten, Iturrietako Mendietara. Indarrak batu nahi dituzte urriaren 23rako Gasteizen deitutako manifestaziora begira.

Larunbat honetan, uztailaren 24an, bigarren mendi martxa egingo dute Arkamu mendilerroan, "Araban proiektatutako zentral eolikoek mehatxatutako natura ondarea ezagutarazteko", alde batetik, eta baita "enpresa eta agintariek natura guneak babesten dituzten figurak errespetatzen ez dituztela egiaztatzeko" ere.

Izan ere, plataformak ohartarazi duenez, "paisaia bikaina" izateaz gain, ingurumena eta paisaia babesteko zenbait figura eta katalogo ditu Arkamu mendilerroak:

  • Europako Natura 2000 Sareko naturagune babestua.
  • Intereseko habitat katalogatuak edota lehentasunezkoak.
  • Komunitate Intereseko Hegazti nekrofagoen Interes Bereziko Eremua.
  • Sai zuriaren eremu katalogatu kritikoa.
  • Komunitate Intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua.
  • Aparteko balio zientifiko edota naturaltzat kalifikatutako zonaldea.
  • Akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun oso handiko eremua (5. kategoria, gorena).

Horrekin guztiarekin batera, Arkamu Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izateak haize-sorgailuak ezartzea debekatu egiten duela azpimarratu du Mendiak Askek. "Gure agintarien kasuan, badirudi enpresa pribatuen interesak lehenesten dituztela komunitatearen interesen aurretik; badirudi enpresa horiek behar beste aldiz errepikatuko dutela erantzuna baiezkoa izan arte", deitoratu dute.

Bi martxa

Larunbat honetako martxak bi irteera puntu izango ditu. Bi martxak 9:30ean abiatuko dira Axkoeta eta Jokanotik, eta Kotorrillo mendiaren magalean elkartuko dira Montemayor mendira elkarrekin igotzeko. Bi ordu inguruko ibilbideen ostean, hamaiketakoa egiteko aukera izango da bertan, ekitaldi txiki bat egin aurretik:

  • Axkoeta (Erriberagoitia): joan-etorriko distantzia 11 kilometrokoa izango da, 500 metroko desnibelarekin.
  • Jokano (Kuartango): joan-etorriko distantzia 8 kilometrokoa izango da, 550 metroko desnibelarekin.

Hurrengo martxa, Labrazan

Montemayor mendiko tontorrean, makila itxurako lekukoa jasoko dute Labrazako ordezkariek, hurrengo martxa Labrazan izango baita abuztuaren 14an. Martxa batetik bestera eskuz esku igaroko den lekuko horrek proiektu eolikoen eraginpean dauden naturgune guztiak zeharkatuko ditu, urriaren 23an Gasteizko manifestaziora iritsi arte.

Honako hauek dira ibilbide bakoitzaren datak. Datak hurbiltzen diren heinean emango dituzte ibilbide bakoitzari buruzko xehetasunak, abiapuntuak eta ordutegiak jakinarazteko:

  • Uztailak 3: Iturrietako Mendiak (eginda)
  • Uztailak 24: Arkamu
  • Abuztuak 14: Labraza
  • Irailak 11: Azazeta
  • Irailak 25: Cantoblanco
  • Urriak 16: Arlaban

"Mendiak ez daude salgai. Berriztagarriak bai, ez nolanahi", adierazi du Arabako Mendiak Aske plataformak, herritarrei martxa horietan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide